
Fumbarri enpresak aurkeztutako alegazioetan oinarritu da Auzitegi Nagusia ebazpenean. San Rokeko barne-erreformako plan berezian —Udalak onartu eta Aldundiak berretsitakoa— inguru berean bizitegi-guneak eta industrialak bateragarri egiteko zehaztu behar diren desberdintasunei dagokionez, Arau Subsidiarioen irizpideak urratzen dituela arrazoitu du. Etxe berrien eta bertako enpresen artean “banaketa egokirik” ez dagoela dio epaiak; bost metroko distantzia nekez uzten duela plan bereziak.
Irigorasek argitu u Udala inoiz ez dela prozesu judizial horren zati izan: “Beraz, ez dugu sententzia ezagutzerik izan, ezta baloratzerik ere”. Behin betiko onarpena baliogabetzea erabaki du auzitegiak: “Ez du aurretik epaitzen ekintzaren legalitatea. Dena bideratu da marko legalaren barruan”. Garrantzitsuena babeseko 143 etxebizitza horiek izatea dela nabarmendu du, “eta eraikitzeko aukera izatea helburu hartuta berehalako proposamena egingo dugu”. Jaurlaritzak eta Udalak adostutako ituna ezin ei da “minutu bat gehiago atzeratu” eta “atzerapenik egonez gero, ahalik eta laburrena izan dadin ahaleginduko” ei dira, “sententzia eta marko legala errespetatuz”. 2006an sinatu zuen Udalak ituna Jaurlaritzarekin. Epaiaren kontra errekurtsoa aurkeztu dezake Udalak.