Munduko patinatzaile onenak, Landakon

Anboto 2008ko api. 24a, 11:43
Maiatzaren 2, 3 eta 4an, Skate edo patinatzaileen munduaren inguruko ekimenek hartuko dute Durango, hirugarren urtez.



Maiatzaren 2, 3 eta 4an, Skate edo patinatzaileen munduaren inguruko ekimenek hartuko dute Durango, hirugarren urtez. Plateruena Kafe Antzokiak eta Durangoko Udalak, Volcom taldearen babesarekin, antolatutako ‘street’ txapelketa izango da maiatzaren 2an, 12:00etan. 1.500 euroko saria lortzeko patinete gainean egiten dakizkiten trikimailu harrigarrienak erakutsiko dituzte parte-hartzaileek antzokian bertan eta, azaldu digutenez, trikimailuon abiadura, teknika eta indarraren arabera baloratuko ditu espeazializatutako epaimahaia batek patinatzaileak.

Landako Erakustazokan izango den Mini Ramp lehiaketan banatuko da ‘Txotx’ Skate Txapelketako sari nagusia. Bertan, maiatzaren 3an batuko dira antolatzaileek gonbidatutako Euskal Herriko eta nazioarteko patinatzaile onenak. Patinatzen maila profesionalean jarduten duten 60 bat patinatzaile izango dira Landakon. Estatu Batuetatik etorriko dira Durangoko 8.000 euroko saria eskuratzeko helburuarekin, Estatutik eta Europako beste hainbat herrialdetatik. Gaizka Izagirre txapelketa antolatzen jardun duen berriztarrak esan digunez, besteak beste, munduko txapelketetak irabazi izan dituzten patinatzaileak ekartzea lortu dute hirugarren edizio honetan ere. Patinatzaileen munduan oso ezagunak diren skaterrak batuko dira Landakon: Andy Scott, Jurgen Howard, J.M. Roura, Ferit Batir eta beste hainbat izan handi.

Musika eskaintza

Skatearen inguruan dabilen jendearentzako proposamen ezin egokiagoa izango delakoan, Estatu Batuetako hardcore musikaren ordezkari nagusienetarikoa den Sick Of It All taldea gonbidatu dute maiatzaren 3an, zapatuan, kontzertua eskaini dezan. Musika horrekin adierazten dutena, taldeak berak azaltzen duenez, ez da musika eta irudia bakarrik, bizitzeko modu bat ere ba omen da eurentzat; lehen azaldutako kultura horrekin guztiarekin harremana duena. Eurekin batera, Wisdom in Chains eta Subterranean Kids taldeek ere joko dute. Horietaz gainera, talde bion aurretik eta estreinako zuzenekoa halako taldeekin jotzeko aukera paregabearekin, eskualdeko musikariek osatzen duten Tres41 izeneko taldeak eskainiko du bere musika. Izagirre antolatzaileak aurreratu digunez, jende asko espero dute kontzertuotan, estatuko hainbat herrialdetatik jendea etortzea espero dutelako.

Munduko patinatzaile onenetarikoak eta musika talde oso ezagunak ekartzeaz gainera, maiatzeko lehenengo astebururako proposamen zabalagoa ere eskaintzen du skate txapelketak. Aurreko urteetan moduan, bai antzokian bai Landako erakustazokan ere, giro berezia sortzeko helburuarekin antolatu dute hirugarren urtez txapelketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!