Aurrekontuen luzapenari eutsiko die, oraingoz

Anboto 2008ko api. 18a, 10:15
Gobernu Taldeak 2008rako aurkeztutako aurrekontu zirriborroa oraingoz gerorako uztea erabaki du, 2007ko udal aurrekontuaren luzapena mantenduz. Bozeramale Batzordean adierazi dute erabakia, eta egoeraren aurrean aurrekontu aldarazpen proposamena aurkeztuko dute astelehenean Ogasun Batzordean, ondoren, udalbatzarrera eroateko.
Gobernu Taldeak 2008rako aurkeztutako aurrekontu zirriborroa oraingoz gerorako uztea erabaki du, 2007ko udal aurrekontuaren luzapena mantenduz. Bozeramale Batzordean adierazi dute erabakia, eta egoeraren aurrean aurrekontu aldarazpen proposamena aurkeztuko dute astelehenean Ogasun Batzordean, ondoren, udalbatzarrera eroateko.

Lehentasunezko gaiak aurrera ateratzeko akordioa lortu gura dute. “Obra batzuk martxan dira eta ordainketak egin behar dira; hala ere, zehazki horretarako diru esleiturik ez dagoenez, aurrekontu aldarazpena egin behar dugu. Ezer geratu ez dadin beharrezko dirua bideratu gura” ei dute. Halaxe azaldu du alkate jarduna hartu duen Aitziber Irigorasek.

Bihotzeko infekzio baten eraginez Juan Jose Ziarrusta alkatea ospitaleratu ondorengo “egoera konplikatuaren” aurrean hartu du erabakia Gobernu Taldeak. “Bakterio bidezko endokarditis konplikatu” baten eraginez Gurutzetako ospitaleko anestesia eta bizkortzeko unitatean dago Ziarrusta.

“Egonkor, baina, larri”

Alkatearen egoera “larri baina egonkor” mantentzen da. “Aldaketa esanguratsurik” eman ez dela azaldu du Irigorasek. Joan zen eguenean ingresatu zuten Ziarrusta Galdakoko erietxean. Bihotzeko barrunbeen barrualdea estaltzen duen menbrana edo bihotzeko balbuletan infekzioa diagnostikatu zioten, antza, bakterio baten eraginez, eta Gurutzetara eroan zuten, urgentziaz operatzeko. Gobernu Taldeak egoera “larria” dela aitortu du: “baina, itxaropena daukagu eta albait arinen hemen izatea espero dugu”.

Ziarrusta 2003tik da alkate. Aurretik, 14 urtean Bizkaiko Aldundiko Kirolak eta Gazteria Saileko zuzendari eta Azpiegitura foru elkarteko presidente ere izan da.

Herritarren “elkartasun” eta “maitasuna” eskertu du Gobernu Taldeak. Baita beste udal taldeen elkartasun eta “giza kalitatea” ere. Irigorasen berbetan, “erantzukizun ariketa egin beharrean gaude Udalaren jardunak behar duen lez jarraitzeko;  itxarote eta ziurgabetasun uneok gainditu arte luzapena mantentzen saiatuko gara”.

Urtarrilean aurkeztu zuten 2008ko aurrekontu zirriborroa. Zuzenketak —66 partzialak eta osotasuneko 2— egin dira, eta alkateak hasi zuen negoziazio prozesua. “Egoera guztiz aldatu da, eta orain ez gaude negoziazio prozesuan aurreikusi lez sartzeko egoeran”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!