AHTak kaltetuko dituen lurjabeak informatuz

Anboto 2008ko api. 8a, 13:47
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eraikitze-lanen ondorioz zortasun zein afekzio eremuetako lurren ugazabak nortzuk diren argitu eta AHTak eurengan izango duen eraginaren zein hartu ditzaketen neurrien gainean informatuko dituzte. Konpromiso hori hartu du udalbatzarrak Durangoko AHT Gelditu Elkarlanak aurkeztutako mozioa onartuta.
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) eraikitze-lanen ondorioz zortasun zein afekzio eremuetako lurren ugazabak nortzuk diren argitu eta AHTak eurengan izango duen eraginaren zein hartu ditzaketen neurrien gainean informatuko dituzte. Konpromiso hori hartu du udalbatzarrak Durangoko AHT Gelditu Elkarlanak aurkeztutako mozioa onartuta.

Aintzat hartuko dute “desjabetu askori lursail batzuk zortasunean edo afekzioan geratuko zaizkiela, desjabetuko dizkieten lurrez gainera”. EAJ, EAE, PSE-EE, Aralar eta EB-Berdeek egin dute alde; PP abstenitu egin da. Lurjabe bakoitzari AHTak euren lurrengan izango duen eragina (zortasun zein afekzioan) 15 egunean jakin eragingo dietela batzen du mozioak, eta, “lurretan galduko dituzten eskubideak ere bai”.

Lurjabe kaltetu guztiokin informazio teknikoa emateko batzarra antolatzea ere onartu dute, eta Udalak deialdia egitea banan-banan; “zer alegazio aurkeztu ditzaketen, noiz eta non…” azalduko dute. Hiru asteko epea zehaztu dute eta kaltetu bakoitzak “konfidantzazko norbait eron ahal izango du aholkulari”.
 
Epeak betetzea zaila


Aralar, PSE-EE eta EAEk  epeak betetzeko zailtasunak aitatu dituzte, aholkularitza eskaintzearekin bat etorri arren. “Herritarrei babesa ematea” eskatzen da Aralarren berbetan: “Kaltetuak izan daitezkeenen babes falta handia da eta Udala da administrazio gertukoena”. Alegazio epea luzatzeko aukera aztertzeko batzarra ere proposatu dute. PSE-EE be ados dago zerbitzu hori albait arinen ematearekin; baita PP ere. EAEk ekimenon garrantzia nabarmendu du, “aurretik egin beharreko lana” zela esan arren.  Epeak albait arinen zehaztea eskatu dute.

EAJk “zenbat eta informazio gehiago orduan eta hobeto” dela esan du, eta, aholkularitza eskaintzen dutela: “Desjabetu, afektatu, eta inguruko herrietatik etorritakoei… Orain ere eskaintzearekin ados gaude”. AHTaren desjabetze txostena heltzean aholkularitza juridikoa eskaini zuen Udalak.

2007ko abuztuaren 8ko Estatuko Buletin Ofizialean (BOE) argitaratutako desjabetzeen espedientearen arabera, Durangon AHTa egiteko 23 lurjaberi eta Udalari desjabetuko dizkie lurrak. Diru-ordainak jasoko dituzte trukean, baina zortasun eta afekzioaren eremuetan geratzen diren lurjabeek ezer ere ez. Trenbiderako  lur-berdintzea egiteko desjabetuko dute lurra (kanpoko ertzetik 8 metrorainoko tartea be bai, alde bakoitzean); 20 metrorainoko tartea da, berriz, zortasun zona eta 50 metrorainokoa afekzio eremua. Hori landa-eremuari dagokionez. Hiri-lurretan, desjabetzea (trenbiderako lurraz gainera) lur-berdintzearen ertzetik 5 metrorainokoa da, zortasuna 8koa eta afekzioa 25ekoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!