Euskararen ordenantza osotzeko deia

Anboto 2008ko api. 3a, 11:42
Ekarpenei zabalik dagoen euskararen ordenantza zirriborroa aurkeztu du Ezker Abertzaleak. Udalaren “euskararekiko konpromisoa” eskatu dute, “idatzia” eta “beteko dena”.
Ekarpenei zabalik dagoen euskararen ordenantza zirriborroa aurkeztu du Ezker Abertzaleak. Udalaren “euskararekiko konpromisoa” eskatu dute, “idatzia” eta “beteko dena”.

Ordenantza sortzeko lehenengo pausoa ei da emandakoa: “Garatzeko dago eta herriko sektore ahalik eta gehienetara zabaldu gura dugu, ekarpenak jaso eta osotzeko”. Euskara Kontseiluan aurkeztuko dute, apirilaren 7an.

Urte erdi baino gehiago jardun dute horretan, Zorione Arana zinegotziak azaldu duenez: “Kontseiluaren oinarrizko ereduak hartu eta ekarpenak gehituz”. Hala ere, gehiago jaso daitekez (durangoeuskaldundu@ euskalerria.org- www.blogak.com/gukdurangoeuskalduna). Irailaren 30era arteko epea jarri da. Erakundeetara joko dute gero, bete dadin.

“Ezinbesteko tresna”

Udalaren Hizkuntza Politika aldatu egin behar dela deritze eta “norabidea definitu eta arautuko” duen ordenantza “ezinbesteko tresnatzat” jotzen dute euskararen normalkuntzarako bidean: “Udalak badauka eskumen nahikoa herrian bide horretan pauso eraginkor eta atzeraezinak emateko. Eredu izan behar du”. Kontseiluak, besteak beste, Durangoko Hizkuntza Politika neurtu zuen; 3,89 lortu zuen.

“Udalean eta herrian euskararen normalkuntza ez da inondik ere egungo hizkuntza politikaren helburu”, diotenez, eta “Udalak euskarari eta euskaldunoi emandako tratamendua” salatu dute: “Joan zen legealdiko agiri guztiak aztertu ondoren,euskara hutsean sortutako dokumentazioa %10 da; gainerakoa gaztelera hutsean dago”. Itzulpenak sarritan berandu heltzen direla ere badiote eta sail zein batzorde gehienak gazteleraz egiten dutela euren jarduna.

Hori guztia arautu behar dela deritze, eta euskarari lehentasunezko trataera zor zaiola eta Durangon euskara ofiziala aitortu behar dela.

Durangon euskara 25 urtean dela ofiziala gogoratu dute eta herritarrei dagozkien eskubideak onartu eta errespetatu behar zaizkiela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!