
Guda Zibilean hildako ia 400 lagunen izenak (alde bietakoak) batzen dituen kaperan egindako ekitaldira Jaurlaritza eta Foru Aldundiko ordezkari lez hurreratu ziren Izaskun Bilbao, Gabriel Inclan, Ana Madariaga eta Josune Ariztondo. Eurekin izan ziren EAJ, PP, PSE-EE , Aralar eta EB-Berdeak taldeetako ordezkariak.
Gogoratu beharra
Gertatutakoa ikertu eta gogoratzeko beharra nabarmendu zuten, “askatasuna eta bakea” aintzat hartuta beti ere, Juan Jose Ziarrusta alkatearen berbetan. Gerrak “mendekua eta suntsiketa” dakarrela eta “memoria historikoa berreskuratzea hildako guztiak gogoratzeko eta belaunaldi berriei horren izugarrikeriak erakusteko” modua dela nabarmendu zuen. “Alde batekoak eta bestekoak” omendu gura izan zituzten. Ildo horretan, 1936ko irailaren 25ean Durangon lau bonba jaurti ondoren, ustez Frankoren aldekoak ziren 21 durangar fusilatu zituztela ere gogoratu zuten.
Bonbardaketaren ondoren bizirik iraun zuten durangarrak eta hildakoen senideak ere batu ziren. Isilunea gorde zuten eta, kanpai-hotsen ondoren, hainbat lore eskaintza egin ziren. Durangoko EAE-Udal Taldeak, baina, ez zuen lore-eskaintzan parte hartu, biktimak gogoratu behar direla uste arren, Udalak bonbardaketan gertatutako guztiak eta hilketen zirkunstantziak zehatz ikertzeko erronka zain daukala iritzita, “gerran hildako guztiak plaka berean jarri beharrean”.
