Martxoak 31 da astelehenean, eta gomutarako hitzordua egin dute

Anboto 2008ko mar. 27a, 11:40
Durango bonbardatu zuteneko 71. urteurrena izango da astelehenean. Martxoak 31, gomuta eta hausnarketarako eguna. Hori aintzat hartuta hainbat oroimen ekitaldi eratu dituzte elkarlanean Udalak, Berbaro euskara elkarteak, Gerediaga elkarteak eta Kriskitin dantza taldeak.
Durango bonbardatu zuteneko 71. urteurrena izango da astelehenean. Martxoak 31, gomuta eta hausnarketarako eguna. Hori aintzat hartuta hainbat oroimen ekitaldi eratu dituzte elkarlanean Udalak, Berbaro euskara elkarteak, Gerediaga elkarteak eta Kriskitin dantza taldeak.

1937ko martxoaren 31, Durangok bizitako historiako egunik latzena ekarriko dute gogora herritarrek. Lehenengo bonba-hotsak 08:30ean entzun ziren, apirilaren 4ra arte Durangok biziko zuen eraso bortitzaren aurrekari izango zirenak. Ez zen, baina, lehenengo bonbardaketa izan. Izan ere, 1936ko irailaren 25ean, Gasteiztik zetozen hegazkinek jaurtitako bonbak Ezkurdi plazaren alboko frontoira jausi ziren, 12 hildako eta hainbat zauritu eraginez. Halaxe batzen du Jon Irazabalek 1937 martxoak 31 liburuan. Durangoko bonbardaketak 336 hildako eragin zituen.

Hainbat ekitaldi

Gaur, martxoaren 27, Eliza eta Gerra Zibila Euskal Herrian berbaldia eskainiko du Iñaki Goioganak, Sabino Arana Fundazioko artxibo teknikariak. Berak kaleratutako argitalpenak dira Galindez: la tumba abierta. Guerra, exilio y frustración —Iñaki Bernardorekin batera argitaratutakoa— eta Un nuevo 31. Ideología y estrategia del gobierno de Euzkadi durante la Segunda Guerra Mundial a través de la correspondencia de José Antonio Aguirre y Manuel Irujo —Xabier Irujo eta Jose Legarretarekin batera kaleratu zuen—. Landako Elkartegian izango da berbaldia, 19:00etan.

Durangaldeko Adiskideen Gerediaga Elkarteak bultzatuta eta Jon Iriartek (Jesus Mª Arruabarrenaren ezizena) zuzendutako 1937ko martxoak 31 dokumentala ikusteko aukera izango da bihar, zapatua, 20:00etan, Elkartegian. Artxiboko irudien eta lekukoekin —aitatu dezagun gehienak hilda daudela— izandako elkarrizketen eskutik Durangok jasandako bonbardaketaren zehaztasunak batu dituzte bertan. Ondoren mahai-ingurua egingo dute, euskaraz eta gazteleraz.

Martxoaren 31n, astelehenean, berriz, gerra zibileko biktimei omenaldia egingo die, 12:00etan, kanposantuan. Herritarrei bertaratzeko deia luzatu die, gogoraraziz autobusak irtengo duela, 11:30ean, Komentukaletik hilerrira (Jesuiten aurretik). Iluntzean, Andra Marin izango da hitzordua. Oroimen ekitaldia hasiko da elizpean, 20:00etan. Lore-eskaintza eta aurreskua egingo dituzte; ondoren, oroimen irakurketa eta musika emanaldia eskainiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!