Aralarrek udal aurrekontuan kultur etxea batzea proposatu du

Anboto 2008ko mar. 12a, 14:59
Aralarrek milioi bi euroko ekarpena batzen duten 22 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio Gobernu Taldeak aurkeztutako udal aurrekontu proposamenari. Horrezaz gainera, osotasunezko beste zuzenketa bat ere aurkeztu dute.
Aralarrek milioi bi euroko ekarpena batzen duten 22 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio Gobernu Taldeak aurkeztutako udal aurrekontu proposamenari. Horrezaz gainera, osotasunezko beste zuzenketa bat ere aurkeztu dute.

Kultur Etxea, Haur Eskola publiko berria, etxebizitza sustapena eta konpost planta jaso dituzte egitasmo garrantzitsuenen artean. Zuzenketak eztabaidatu izan dira batzordean, bozketarik egin ez den arren.

Merkatu plazan “beharrezkoa” deritzen kultur etxea (200.000 euro) egokitzea proposatu du Aralarrek. “Saskibaloi pista eta horren atzealdeak aukera oso onak eskaintzen ditu eta kokagunea ezin hobea da. Izan ere, tamalgarria da Durango lako herri batek halako kultur azpiegiturarik ez izatea”.

Etxebizitza politikarekin lotuta, “epe laburrera” babeseko 200 etxebizitza egitea aurreikusi dela gogoratu arren, uste dute Udalak zuzenean sustatu behar duela babestutako etxebizitza. Ildo horretan eta alokairuari ere “lehentasunezkoa” iritzita , etxebizitza publikoa sustatzeko (600.000 euro) dirua gorde behar dela uste dute.

Bestalde, Julene Azpeitia Haur Eskolak (0-2 urte artera 40 leku batzen ditu) plaza eskaera bermatzen ez duela-eta , alboan, 42 leku gehiago batuko lituzkeen haur eskola publiko berria eraikitzea (150.000 euro) proposatu du Aralarrek; aldi berean, “irizpide sozialetan” oinarritutako gurasoentzako laguntzak ere bai.

Foru Aldunditik egindako errausketaren aldeko apustuaren aurrean, berriz, Aralarrek konpostze planta eraikitzea proposatu du: “Ekologikoagoa deritzogu eta Mankomunitatetik bideratu daitekeela; Ezin bada Durangok berak egin beharko luke”. Azterlanek egindako proposamenari helduz lehenengo zati baten inauste edo lorezaintza hondakinen bitartez plangintza pilotu bat proposatu dute eta 2. zati baten zabor organikoen konpostze planta.

Beste hainbat proposamen


Merkataritza eta berdintasun arloekin lotuta diru-laguntza dekretua — kultur elkarteentzako laguntzekin egiten den moduan— sortzeko eta bizikleta-zirkuitu urbanoa garatzeko dirua gordetzea proposatu dute. Baita ur-hornidura eta saneamendurako sarea berriztatzeko eta Durango Erralde elkartean sartzeko ere.

ANBOTO astekariarekin hitzarmena sinatzea —40.000 euro bideratuz; biztanleko 1,5 euroko laguntza— eta garapenerako kooperazioarekin lotuta Bateginez GKErentzako laguntza Udalak beste elkarte biri — Herria eta Padre Gorritxategi— emandakoari parekatzea ere proposatu dute.

Hiru gai nagusi arrazoitu ditu Aralarrek osotasunezko zuzenketa aurkezteko. Aurrekontua eta agiriak osotasunean ez dituzte euskaraz jaso, batetik, eta, bestetik, diote “aurrekontu parte hartzaileak egiteko aukerak eta tresnak” badirela: “Oraintsu jarri da martxan Parte Hartze batzordea, baina, berandu da”. Azkenik. Lan-talde organikorako plangintza “erratua” dela deritze: “Lau urteko plangintza behar da. Bitartekotasuna oso handia da udaletxean eta horri zelan aurre egin aztertu behar da; arlo bakoitzean zer behar den”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!