Jatetxe bateko jabeak atxilotu dituzte Durangon langile atzerritarrak esplotatzeagatik

Anboto 2008ko mar. 5a, 16:57
Jatetxeko langileek egunean 11 orduz egiten zuten lan, astelehenetik zapatura, bazkaltzeko tartetxo bat baino ez zuten eta hilabetean 600 euro baino ez zituzten kobratzen.
Jatetxeko langileek egunean 11 orduz egiten zuten lan, astelehenetik zapatura, bazkaltzeko tartetxo bat baino ez zuten eta hilabetean 600 euro baino ez zituzten kobratzen.

Espainiako Poliziak Durangoko taberna bateko jabeak atxilotu ditu, langile atzerritarrak esplotatzeagatik. Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzak jakintera eman duenez, bikotearen menpe lan egiten zuten Boliviako hiru emakume ere atxilotu dituzte egoera irregularrean daudelako. Lau langileetatik batek baino ez zituen legezko agiriak. Atxilotuak Durangoko bizilagunak dira, 32, 23 eta 22 urtekoak.

Polizia-operazioa otsailaren 26an hasi zen. Espainiako Poliziaren agenteek eta Atzerritarren Brigadako kideek tabernaren egoera aztertu zuten, egoera administratiboa eta langileen baldintzak zeintzuk ziren ezagutzeko. Boliviako lau herritar tabernan lan egiten zutela egiaztatu ondoren, bat izan ezik, gainontzeko hirurak egoera irregularrean zeudela jakin zuten agenteek.

Taberna horretako langileak esplotatuak zirela egiaztatu zuten, izan ere, egunean 11 orduz egiten zuten lan, astero 66 ordu, astelehenetik larunbatera. Langileek bazkaltzeko tartetxo bat baino ez zuten eta hilabetean 600 euro kobratzen zituzten.

Egoera honen aurrean, J.A.A.A. eta M.A.A.L. enpresaburuak eta Durangoko bizilagunak atxilotzea erabaki zuten, langileen eskubideen kontrako eta atzerritarren eskubideen aurkako delitua egitea egotzita.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak bidalitako oharrean dioenez, ohikoa da enpresariek behargin atzerritarrak kontratatzea, izan ere, kanporatuak izateko beldur direnez eta euren egoera legeztatuko dietela sinestarazita, esplotatu egiten dituzte.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!