Saihesbidearen segurtasuna “handitu” guran, biribilgunea eraikiko dute San Roken Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan Sailak eta Udalak. Foru administrazioak aztertu eta bat aukeratu dezan hiru egitasmo proposatu ditu Udalak, eta azken hori arduratuko da lanak enkantean jarri eta obra gauzatzeaz. Aldundiak 300.000 euro inguruko inbertsioari egingo dio aurre.
Hala argitu du alkate Juan Jose Ziarrustak:“Martxoan egitasmo egokiena zein den esango deusku Aldundiak, eta ekainean lanak eman eta hastea itxaroten dugu. Lau hilabete irautea aurreikusi dugu”. Aldundiarekin lotutako akordioak lanak aurten egitea erraztuko du, alkatearen berbetan ; Askatasun Etorbidearekin lotutako barne-erreformako plan berezia ere aldi berean gauzatu gura dute.
Bestalde, Santa Apoloniatik (Iurreta) saihesbidera sartu eta ezkerrerako —Bilbora hartzeko— irteera itxi egin gura dute: “San Rokeko biribilgune berrian egin beharko da buelta Bilborako noranzkoa hartzeko”.
Bestalde, A-8 autobidea eta N-634 errepidea batu eta gurutzatzen diren inguruan trafiko fluxua berrantolatu guran, autobidearen eta Iurreta eta Durangoko bideen lotunea eraikitzeko egitasmoaren —7,11 milioi euroko aurrekontua dute— barruan, Durango eta Izurtza artean, Tabiran, beste errotonda bat aurreikusi dutela azaldu du Ziarrustak.
Lanok eman dituzte, baina, alboan dagoen ibaiarekin sortutako arazoak aztertzen dihardute Jaurlaritzan; lanak urte honen barruan hastea dago aurreikusita. Abiadura “moteltzea” da lan guztion helburua. Ildo horretan, Ziarrustak gaineratu duen moduan, abiadura neurtzeko kaxoi bana jarriko dute saihesbidearen albo banatara: Fundifexen alboan bata eta bestea Urkiolarako noranzkoan, saihesbidearen malda beheran.