Martxoaren 8aren, Emakumearen Nazioarteko Egunaren, haritik Lilakrosa antolatuko dute, aurten ere, Berdintasuneko Udal Kontseiluaren bitartez. Hori dela-eta berdintasunaren lekukoa eroateko gonbita luzatu die herriko elkarteei.
Era berean, Lilakrosa antolatzeko deitutako batzarrean parte hartzera deitu dute. Eguenean izango da, otsailaren 21ean, 18:30ean, Pinondo Etxean.
Berdintasunaren aldeko herri-lasterketa martxoaren 2an egingo dute, aurreratu dutenez. Ezkurdin jarri dute hitzordua, 12:30ean eta, iazko moduan, hainbat sorpresa izango direla iragarri dute. Ume, gazte zein helduak, emakumezkoak zein gizonezkoak daude Lilakrosean parte hartzera gonbidatuta.
Iaz ere 100 lagun baino gehiagok parte hartu zuten berdintasunaren aldeko ekimenean. Kamiseta lila jantzita uriko kaleetan zehar egin zuten gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko aldarria.
Sapuetxe jai giroan
Beste alde batetik, egunotan Sapuetxe gaztetxeak 9. urteurrena ospatzen dihardu eta asteburuan batu dituzte ekitaldi gehienak. Gaur, barikua, Truke Azoka egingo da 18:30ean eta gauerdian Punkaraokea hasiko da. Zapaturako, berriz, bazkaria eratu dute 14:30ean —gero “lagun ezkutua” egingo dute— eta 19:00etan kalejira. Tanga Opilak, Emorroide eta Sus-Scrofak emango dute kontzertua, 22:00etan. Domekan antzerki emanaldia izango da, 18:30ean.