Erraldek urtebete egin duela ospatuko dute, domekan

Anboto 2008ko ots. 8a, 15:55

Erralde hiltegia lanean hasi zela urtebete izango da otsailaren 12an. Urtea “luze joan da” Erraldeko presidente Jabier Azpitartek azaldu duenez, eta “zailtasunak” ere izan dira, hala ere, zorionak eman gura dizkie egitasmoa bultzatu eta horri lagundu dioten guztiei. Horren haritik gonbite zabala luzatu dute, domekan, otsailaren 10ean, hiltegian bertan izango den urteurren jaialdira joateko

Erralde hiltegia lanean hasi zela urtebete izango da otsailaren 12an. Urtea “luze joan da” Erraldeko presidente Jabier Azpitartek azaldu duenez, eta “zailtasunak” ere izan dira, hala ere, zorionak eman gura dizkie egitasmoa bultzatu eta horri lagundu dioten guztiei. Horren haritik gonbite zabala luzatu dute, domekan, otsailaren 10ean, hiltegian bertan izango den urteurren jaialdira joateko.

Bertsoak, mintzaldiak eta bildots errea izango dira, Azpitarterekin batera, EHNEko ordezkari Unzalu Salterainek, hiltegiko kudeatzaile Eneko Egibarrek eta Erraldeko kontseiluko kide Alberto Ionak egindako agerraldian azaldu dutenez eta urteurrena ospatzera deitu dute. Baserritarrak, harakinak eta hainbat eragile politiko, sozial eta sindikaleko ordezkariak gonbidatu dituzte 12.00etan hasiko den ekitaldira.

Erralde martxan hasi zenetik 1.600 baserritarri eta 400 harakin ingururi eman zaiola zerbitzua gogoratu du Azpitartek. Ildo beretik, Egibarrek azaldu duenez, urte honetan 6.400 abelburu hil dira. “Durango Eskualdeko Hiltegiak urte osoa azkenekoz 2004an egin zuen — 2005eko abuztuan itxi zen— eta 6.36 abelburu hil zituen. Orduan 18 langilek ziharduen eta orain erdia inguru gabiltza. Eskualdeko hiltegien izatea eta izaera argi geratu da; errentagarritasuna frogatu da”. Nabarmendu duenez, “pozik egoteko modukoa da., eredu bat praktikan jartzea lortu dugu”.

Balantze “guztiz positiboa” da egindakoa. Eredu intentsiboaz gain modelo estentsibo eta “herri honekin bat datorren” martxan jartzea badagoela erakutsi dute Egibarren berbetan, eta “errentagarria dela”.

Faenatu tradizionala erabiltzearen alde egin dutela nabarmendu du hiltegiko kudeatzaileak, “kalitatearen aldeko apustua eginez” , eta “abelgorrientzako erreferentzia” bihurtu direla, “Euskal Herrian eta kanpo prezioak jarriz”. Bizkaiko Bildotsa gogora ekarriz artzainei prezioa jarri diela ere gaineratu du.

Datu "esanguratasuak"

Emandako datuak “esanguratsuak” eta “oso garrantzitsuak” direla nabarmendu du EHNEko ordezkariak: “1.600 baserritar izan dira eta 400 harakin inguru — Bizkaira mugatu gabe—. Hiltegiak funtzio soziala bete behar zuela esaten genuen eta Erralde tresna garrantzitsua bihurtu da horretan. Azken sei hileotako egoera gogorra da baserritarrena eta oso aberasgarria da Erralde lako hiltegi txikien lana, prezioak ahalik eta ondoen defendatzeko”.

Salterainek gaineratu duenez, zerbitzu “ona” eta “kalitatezkoa” ematea badagoela erakutsi du eta “tresna egokia” dela horretarako. Argitu du kontsumitzaileek “prezio nahiko altua “ iristen zaien arren baserritarrei “gutxi” ordaintzen zaiela, “bitartean diru asko doa”.

Ekainean hasi gura dituzte hiltegi berriko lanak

Durango Eskualdeko Hiltegi zaharrari “nolabaiteko agurra” ere egingo diote domekan. Izan ere, 2009ko maiatza inguruan aurreikusi dute Berrizen kokatuko den hiltegi berria martxan izatea. Bi-hiru hilean “nahiko aurreratuta” dagoen eraikitze egitasmoa enkantean ateratzea aurreikusi dute, eta ekainean lanak hasi ahal izatea. Orain lurren aldaketa puntualaren prozesuan dihardute.

Berkalifikazio mugatua egingo dute; izan ere, gai geldoen hondakindegiaren lurren zati bat hartuko du hiltegi berriak. Azpitarteren berbetan, “txukun” egin gura dituzte gauzak: “Durangon izandako eragozpenetatik ihes egin dugu. Hirigunetik atera dugu. Gainera, tamaina batekoak dira lehenengo zatiko eraikuntza lanak, hala ere, aukera eman gura da gehitzeko ere hala behar izanez gero”.

Erraldek 14 udal batzen ditu gaur egun. Hala ere, horren jardunaz galdetu dute Ea, Musika eta Iurretak, esaterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!