Telefonia-antenen ezartzea arautu egingo dute

Anboto 2008ko ots. 6a, 12:36

Telefonia antenen instalazioa urtebetean etetea onartu du udalbatzarrak, eta denbora horretan antenon ezartzea arautuko duen udal-ordenantza osotzea.

Telefonia antenen instalazioa urtebetean etetea onartu du udalbatzarrak, eta denbora horretan antenon ezartzea arautuko duen udal-ordenantza osotzea.

Aralarrek telefonia-antenak ezartzeko udal araudia eskatu du mozio baten bitartez, eta azken horren azken onarpena egin bitartean antenon instalazioak etetea. Dena dela, Lurzoruaren Lege berriarekin bat eginez, “gehienez urtebete” etetea onartu dute, eta bitartean udal ordenantza egituratu eta onartzea. Hala ere, Aralarrek “malgutasuna” eskatu du; “hile gutxi batzuk gehiago behar badira ere, aintzat hartu eta baimenik ez ematea”.

Gaur egun udalerrian dauden telefonia antenen egoera legala ere aztertuko du Udalak, eta araudi sektorialaren araberako neurriak hartu behar badira hartu. Hala onartu du udalbatzarrak.
Aralarrek jakin eragin du herrian jarduera baimenik gabe telefoniako bederatzi antena daudela, eta lizentzia tramitatzen beste bat (musika eskolaren alboan).

Azkenik, telefonia operadoreei herrian hainbeste antena ezartzea justifikatuko luken premia edo beharren plangintza aurkeztu dezaten eskatzea ere adostu du Udalak.

Aho batez hartu da konpromisoa. EB-Berdeak eta PP bat etorri dira mozioarekin. Baita PSE-EE ere. Sozialisten berbetan, “osasunari eta ingurumenari dagokionez, herritarren ardura geroago eta handiagoa da eta alderdiok horrekin bat egin behar dugu”.

Instalazioak eteteko beharra


Udal ordenantza egin bitartean, telefonia antenen instalazioak eten egin beharko liratekeela uste du EAEk, Aralarrek lez. “Dena dela, ia instalazioak etengo diren urte horren barruan udal-ordenantzarik badagoen”. Denbora horretan araudia prest egoteko konpromisoa hartu beharra dagoela nabarmendu du Aralarrek.

Eskaerekin bat egin du EAJk ere; hala ere, Aralarrek aurkeztutako zioekin ados ez dagoela adierazi du: “Zati baten antena honexek eta osasun kalteak lotu dituzte, batere frogarik gabe; jendaurrean azaldu den frogarik gabe, behintzat. Horrek ardura sortzen du”.

Aralarrek erantzun dionez, “jarduera baimena behar bada arrazoirik izango da. Azalpenak oso orokorrak dira, baina, ikastetxeetatik urrintzea eskatzen bada, zerbaitegatik izango da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!