Udalak telefonia mugikorreko antenen instalazioa juridikoki arautu dezan eskatuz mozioa aurkeztu du, gaur, Aralarrek. Durangon jarduera baimenik gabe telefoniako bederatzi antena daudela nabarmendu dute, eta lizentzia tramitatzen beste bat (musika eskolaren alboan).
Horrela jasotzen du Aralarrek Udaleko bulego teknikoari irailean eskatu eta Hirigintza Batzordean aurkeztu duten txostenak. “Minbizia edo beste gaixotasun batzuen eta antenok jaurtitako erradiazioen arteko lotura frogatu duten ikerketa batzuen karietara, iritzi publikoan ardura sortu da; eta eragin kaltegarriok benetakoak izan ala ez, arduratzekoa, alor honekiko batere aurreikuspen juridikorik ez egotea da”.
Udalak antenak ipintzeko baldintzak arautu behar dituela iritzita, “bizilagunen osasuna bermatu asmoz” antenon ezartzea hirigintza zein teknika alorreko irizpideekin arautzeko eskatuko dute udalbatzarrean, “bere garaian egindako azterketa teknikoak kontuan hartuz”. Bere garaian onartutako udal ordenantza berrartzea, eguneratzea eta azken onarpenerako beharrezko kudeaketak egitea ere eskatuko du Aralarrek, “eta ordura arte, antenon jartzea etetea, eta daudenen egoera legala aztertu eta egoera sektorialaren araberako neurriak hartu behar badira hartzea”. Telefonia operadoreei, hainbeste antena ipintzea justifikatuko luketen premien plangintza aurkezteko eskatzea ere batu dute idatzian.