Horrek “itzelezko abantailak” ditu mantenimenduari dagokionez, Iñigo Elordui arkitektoaren berbetan: “ontzia ez da hutsitu behar garbitzeko, tenperatura beroa mantenduko da eta edonoiz moldatzeko aukera emango du, birziklatu daitekeen materiala izateaz gainera”.
Guztira, 6.000 metro koadro batuko dituen azpiegiturak taberna, gimnasioa (1.100m2), bost aldagela (bat umeentzat) eta igerilekuak batuko ditu behe solairuan: 12X25 neurriko bi (batak neurri olinpikoak beteko ditu sakoneran be), 300 metro koadroko bat eta beste bat umeentzat. Ur-zorrotadak, jakuzziak… ere jarriko dituzte, eta 300 lagunentzako harmaila ere bai.Kirolgunearen kontrola, bulegoak eta, batez ere, errugbi zelaiak (horrekin lotunea izango du) erabiltzeko aldagelak batuko dira, besteak beste, 2. pisuan. Eguzki-plakak eta kogenerazio-sistema erabiliko dituzte energia eta ura bideratzeko.
Irisgarritasun neurriak
Legediak agindutako irisgarritasun neurri guztiak betetzen ditu, gainera; zentzumen-ezinduei begirako neurriak ere hartuko dituzte, Juan Jose Ziarrusta alkatearen berbetan:
“Aurrera begira, gainera, egokitutako kirol lehiaketa eta jarduerak ere eratu gura ditugu, federazioarekin hartu-emanean”. Kirol azpiegitura denetan batu gura dituzte hobekuntzak: “Batzutan ikusleentzako egokituta egoten dira baina kirolarientzat ez: Landakoko kantxa nagusian eskailerak baino ez dagoz”.