Inoiz baino udal aurrekontu handiagoa aurkeztu du Gobernu Taldeak 2008rako: 40,67 milioi euro batzen dituen proposamena “anbizio handikoa” eta “neurriz espantsionista” dela azaldu du Juan Jose Ziarrusta alkateak eta, diru-sarreren artean, Udalkutxaren ekarpena nabarmendu du: 17,2 milioi inguru. Aurreikusteko moduko zorra milioi bi inguruan legoke.
Azken urteotan hasitako obra handietarako dirua batzen du 14,4 milioi inguruko inbertsio atalak; Kalebarriko liburutegia (2,3 milioi, hornikuntza barne), Landakoko igerilekuak (3,3 milioi, egitasmo osagarriak barne) edo Hizkuntza Eskola (892.000 euro). Horiek aurten amaitu gura dituzte; Hegoalde eta Montorra lotzeko errepidearen lanak (1,8 milioi), aldiz, irailean hasi gura dituzte.
Askatasun Etorbideko erdibitzailetik Ezkurdiraino doan bizikletentzako erreia (863.500 euro) margotu edo trazatzea ere aurreikusi dute. “Alde Zaharrarekin lotuko litzake eta, Kurutziagara irtetean, San Faustoraino horretarako lekua egokitu beharko da”, azaldu du Ziarrustak.
Karkabak berreskuratu guran
Gizarte Zerbitzuak batuko dituen Uribarri egoitzarako egitasmoa eta auzoetan egiteko “obra txikiagoak” ere batu dituzte: San Frantzisko eta Antso Estegiz arteko patioa “berrantolatu” gura dute, eta Juan Itziarko eta Antso Estegizen hainbat hirigintza-lan garatu; azken horietarako, 2009rako ere lotu dute dirua. Beste alde batetik, Artekale eta Goenkaleko karkabak berreskuratzeko lehiaketa deitzeko 30.000 euro gorde dituzte: “Kaleotatik hasi gura dugu eta gero besteetara ere zabaldu. Asmo hori urrera eroateko, baina, disziplina anitzeko taldea beharko da”.
Inbertsio atalaz aparte, 2008an 8,5 lanpostu barri sortu gura dituzte; tartean, gazteria, kirola eta kultura teknikaria eta Andragunea dinamizatzeko teknikaria.
Zuzenketak egiteko epea hasi da orain, hilaren 18ra arte, eta martxo hasikeran aurrekontu eztabaida egin gura dute.