Garbigunean 77 kilo jostailu batu dituzte dagoeneko

Anboto 2008ko urt. 24a, 10:47

Jostailu erabiliak biltzeko kanpainarekin jarraitzen du Bizkaiko Foru Aldundiak, izandako harrera aintzat hartuta. Badira 15 egun kanpaina martxan jarri zutela, eta ordutik mota horretako 2.743 hondakin batu ditu zerbitzua kudeatzen duen Garbiker enpresak; Durangoko garbigunean 77 kilo batu, foru arduradunek jakitera eman dutenez.

Jostailu erabiliak biltzeko kanpainarekin jarraitzen du Bizkaiko Foru Aldundiak, izandako harrera aintzat hartuta. Badira 15 egun kanpaina martxan jarri zutela, eta ordutik mota horretako 2.743 hondakin batu ditu zerbitzua kudeatzen duen Garbiker enpresak; Durangoko garbigunean 77 kilo batu, foru arduradunek jakitera eman dutenez.

Aldundiko Ingurumen Sailaren bitartez jarri dute martxan jostailu erabiliak batzeko kanpaina, Koopera gizarte sareko Rezikletarekin lankidetzan. Azaldu dutenez, “beste era bateko hondakinak lehengoratzeko eta ingurua hobetzeko, oraindino, aurrera egiteko aukera dagoela ulertarazi” gura dute; baita “gizarte onura handia” lortzen dela ere: “Etxeetan batutako objektuen gehiegizko kopuruari irteera egokia ematen zaio eta, era berean, ohiko merkatuan jostailuak eskuratzeko arazoak dituzten pertsonen eskuetara ailegatzen dira, gizarte ekonomia sustatu ez eze”.

Argitu dutenez, lan merkatuan sartzeko arazoak dituzten herritarrei edo gizarte bereizkerian erortzeko arriskuan daudenei, lan egiteko aukera eskainiko zaio ekimen horren bitartez. Izan ere, horietariko batzuk lehengoratuko dituzte-eta batutako jostailuak. “Bigarren eskuko merkatura bideratuko dira jostailuok, eta gizarte proiektuetako beharrizanak asetzeko erabiliko dira”. Aitatu dezagun berriro erabiltzeko baldintzak betetzen ez dituzten jostailuak Garbikerrek kudeatuko dituela, mota horietako hondakinetarako tratamendu egokien bitartez.

Durangon ez eze Barakaldo, Basauri, Gernika, Getxo, Markina, Santurtzi eta Zallako garbiguneetara eroan daitezke jostailuak. Orain arte, jasotakoaren %67 berriro erabili dute: %26 bigarren eskuko merkatuan erabili eta %41 berziklatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!