Hizkuntza Eskola berriaren lanak daramatzan enpresarekin kontratua etetea erabaki du Udalak, urbanizazio lanekin lotutako zatian. Arrazoitu dutenez, enpresak berak zehaztutako 157.000 euro inguruko aurrekontua 408.000 euro ingurura igotzerakoan hartu dute erabakia. Prozedura negoziatu bidezko kontratazioa egingo dute orain eta horretarako hiru proposamen eskatu dituzte. Behin bat aukeratuta hilabeteko epea izango du dagokion enpresak lanok gertu edukitzeko.
Joan zen azaroan aurkeztu zion lehenengo aurrekontua Udalari enpresak, Juan Jose Ziarrustak alkateak azaldu duenez. “Zuzendaritza Fakultatiboa ados izan zen diru kopuru horrekin eta hobekuntzetarako aurrekontura gehitu zen, 856.000 euro batuz”. Hala ere, abenduan Hizkuntza Eskolako lanak daramatzan Fonorte enpresak diru horrekin ezin zituela lanak aurrera atera jakin eragin ziom Udalari, 408.000 eurora arteko aurrekontu berria aurkeztuz. “Obra Zuzendaritzak ere horri onartezina iritzita eta zerbitzu teknikoetara jo ondoren enpresa kontratuaren zati hori egiteaz salbuestea erabaki zen dekretu bidez”.
Gaiak Hizkuntza Eskolako lanetarako eratzekoa den Ikerketa Batzordearekin loturarik ez daukala argitu du Ziarrustak. Lanotarako 865.000 euroko diru-soberakina gehitu zela-eta — aurrekontua %30 igo zen— onartu zen abenduko udalbatzarrean oposizioaren eskariz. Batzordeko kide izango diren guztiek izena eman eta hurrengo egunean egingo da Ikerketa Batzorderako deialdia, Ziarrustak nabarmendu duenez.
Herriko alkateak itxaroten du Hizkuntza Eskola berrirako lekualdatzea “Aste Santu bueltarako egin ahal izatea”.