Landako Erakustazokan egokitutako izotz guneak eskainitako aukera aprobetxatzeko azken egunak dituzte patinatzaileek datozen egunok. Heldu zein gazte, makina bat lagun bertaratu da abenduaren 21ean zabaldutako izotz pistara. Udal arduradunek emandako datuen arabera, 5.391 patinatzailek jardun dute izotz gainean patinatzen, urtarrilaren 8ra bitartean. Hala ere, eskolen bitartez hurbildutako 1.130 ikasleak ere gehitu behar jakoz horri.
Hirugarren biderrez egokitu dute izotz gunea, 95.000 euroko inbertsioa eginez. Abenduaren 30ean eta urtarrilaren 4an zabaldutako gazteentzako diskoteka izan da aurtengo berrikuntza nagusia, eta bertaratutako 511 gazteek karaokean jarduteko aukera ere izan dute. Horrezaz gainera, iazko “arrakasta” kontutan hartuta —125 lagunek parte hartu zuten— eskaintza zabaldu dute, 199 lagun batuz. Izotz pista zabalik izan zen egunetan, guztira, 7.123 patinatzaile bertaratu ziren iaz Landakora.
Izan daiteke iazko zenbakiok gailentzea aurten. Izan ere, datozen egunek patinatzeko aukera eskainiko dute. Azken egunak izango dira 800 metro koadro batzen dituen izotz pistan jarduteko; aldi berean 250 lagun batzeko aukera ematen du. Aitatu dezagun, gainera, Udaleko web orriaren bitartez unean uneko irudiak ikusteko aukera eskaintzen duen webcam bat ere jarri dutela.
Asteon 17:00etatik 19:00etara izan da zabalik. Hala ere, gaur, barikua izanda, 21:30etik 00:30era ere zabalduko dute. Bihar ere, zapatua, izango da zabalik gauez; goizean ere zabalduko dute bihar, 10:30etik 13:30era eta, arratsaldez, 17:00etatik 20:30era. Domekan, goizez eta arratsaldez izango da aukera.