Prestakuntzan eta hezkuntzaren berrikuntzan laguntzeko zentroak, Berritzeguneak, Pinondo Etxean izango du egoitza berria. Horretarako 2. eta 3. pisua egokituko ditu Udalak.
Orain San Faustoko antzinako eskoletan dauka egoitza Jaurlaritzaren menpeko zentroak, baina, eraikin hori botatzea aurreikusi dute. Horren aurrean, Pinondo Etxean egin gura dio lekua Udalak. Pinondo Etxea egokitzeko egitasmoaren alde egin dute EAJ, PP eta EB-Berdeek; kontra daude EAE-ANV, PSE-EE eta Aralar.
Egokitze lanek 167.440 euroko inbertsioa eskatuko dio Udalari, eta Jaurlaritzatik %60ko diru-laguntza lortzeko aukera izango du. Eperik baina ez dute zehaztu.
Garbiketa zerbitzua
Eulen enpresarekin daukan garbiketa zerbitzua zabaldu du Udalak, 2008ari begira. Tabirako futbol-zelaiaren tribuna eta Landako eskolako zerbitzu berriak ere batzeko, hurrenez hurren, 3.301 hileko eta 9.652 euro urteko aurreikusi dituzte; Herritarren Arretarako Bulegoa eta Zabalarra eskola batzeak, hurrenez hurren, urtean, 12.242 eta 12.397 euro suposatuko dute.