Aldundiak Iurreta eta Gerediaga
arteko autopista handitzea onartu du 3. errei bat gehituta.
43 milioi inbertituko ditu lan hauetan.
Abenduaren 18an onartu zuen Foru Aldundiko
Gobernu Kontseiluak hirugarren errei bat eraikitzea Iurreta eta Abadiñoko
Gerediaga auzoaren arteko A-8 autobidearen bidegunerako. Iniziatibak
“bere biziko” garrantzia dauka eskuade honentzako obrek autobideko
irteera eta sarrerarako bide berri bat ere irekitzea aurreikusten baitute.
Honela, sarrera berri honek N-634 errepideko trafikoa arinduko du Iurretan,
baita Abadiño eta Durangoko hiruguneetan ere, izan ere, Elorrio eta
Markinara doazen gidariek ez dute hiriguneotatik igaro beharko.
Obrak 43 milioi euro kostatuko ditu
eta A-8 autobideko 5 kilometro ingururi eragingo die, Iurretako ordainlekuan
hasi eta Abadiñoko Gerediaga auzora arte. Datorren urtean aterako dira
lanak lehiaketara eta obrak autobidearen erabilerarekin tartekatu beharko
dira. Horregatik, foru arduradunek berriztapen lanek bi urtez iraungo
dutela aurreikusi dute. Ondorioz, hirugarren erreia ez da 2011 arte
bukatuta egongo.
“Proiektu hau oso garrantzitsua da,
eskualdeko herrietako trafikoa arintzen lagunduko baitu”, adierazi
zuten. Zentzu honetan, azpimarratu beharra dago durangarrek A-8 autobidetik
egun Elorriora bidean doazen auto eta kamioi guztiak nola desagertzen
diren ikusiko dutela.
Antzeko zerbait gertatzen da Iurreta
eta Abadiñorekin, autobidetik Markina edota Ondarroara doazen gidariak
Abadiñotik igarotzen behartuta baitaude egun. Obrak amaitu ondoren,
Gerediagako irteerak, Durango-Kanpazar izango den korridorearekin bat
egitea ahalbidetuko du, baita inguruko zentro komertzial eta industriaguneekin
ere.
Bestalde, Aldundiko Gobernu Kontseiluak A-8 autobidearen erabilerarako Bizkaiko bidegunean ordaindu beharreko kanon berria ere onartu zuen. Igoera KPI indizearen azpitik kokatuko dela adierazi zuten baina ez zuten igoeraren portzentaia zehatza ezagutarazi. Gainera, Durango eta Ermua arteko bidea egiten duten autoek 0,95 euroko beherapena izango dute. Tarifa berriak urtarrilaren 1etik aurrera izango dira indarrean