Gabonetan
izotz pistaz gozatzeko aukera izango da Durangon. Durangoko udalak
ekintza hau antolatzen duen hirugarren aldi honetarako 95.000 euroko
aurrekontua du. Aurtengo berritasun nagusia gazteei zuzendutako
diskoteka izango da, karaoke eta guzti.
Ander Gorrotxategi, Gazteria,
Kirol eta Hezkuntza saileko arduradunak azaldu duenez, "i
rekiera ekitaldia ostiralean izango da. Ekitaldi
honetarako Gasteizko patinatzaile talde baten ikuskizuna prestatu dugu
eta bertan Durangoko alkatea eta udaletxeko hainbat zinegotzi izango
dira. Ondoren, eskola umeek izotz pista estreinatzeko aukera izango dute".
Berritasunez
gain, arrakasta ziurtatuta duten urteroko ekintzak ere izango dira.
Iaz patinatzen ikasteko ekimenek izan zuten arrakastari jarraiki,
aurtengoan ere ikastaroak antolatuko dituzte. Hiru ikastaro izango
dira: 4 eta 7 urte bitarteko umeentzakoa bata, 8 eta 14 urte
artekoentzakoa bigarrena, eta azkenik, 15 urtetik gorakoentzakoa.
Astean zehar klaseak hartu nahi dituztenak 3 egunetan joan ahal izango
dira 6 euroren truke; asteburuetako ikastaroetara joan nahi dutenek
berriz, ordu beteko saio bi izango dituzte (5 euro).
Antolatzaileek
azaldu dutenez, "iazko ekitaldiak harrera bikaina izan zuen. 7.123
lagunek patinak jantzi zituzten eta pistara irten ziren.
Patinatzaileekin batera hurreratutako laguntzaile eta bestelako
bisitariak ere kontuan hartuta 10.000 lagunetik gora izan ziren izotz
pistan.
Zerbitzu gehiago
Izotz pistan
ibiltzeko aukeraz gain, Landako Guenak bestelako zerbitzu batzuk ere
eskainiko ditu. Kafetegia, arropak gordetzeko tokia eta begira
zein atseden hartzen egoteko bankuak ezarriko dituzte, baita Gurutze
Gorriaren postu bat ere.
Sarrerak
14 urtetik
beherakoek 5 euro ordaindu beharko dituzte patinatu ahal izateko, 15
urtetik gorakoek berriz, 5,5 euro eta bisitari edo laguntzaile moduan
doazenek ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Asteazkenetan sarrerak
prezio berezian jarriko dituzte salgai, 3 euroren truke. Azkenengo astean, hau da, urtarrilaren
7tik 13ra, Durangoko eskoletatik doazen ume taldeek dohainik izango
dute sarrera. Beste herri batzuetako eskoletatik badoaz berriz, bi euro
ordaindu beharko dituzte ume bakoitzeko. Izena emateko aukera zabalik dago Pinondo Etxean; bestela, abenduaren 21etik aurrera pistan bertan.