Inkomunikazio egoeran espetxeratu dute Lupiañez

Anboto 2007ko abe. 12a, 11:38
Tratu txarrak salatu ditu Gorka Lupiañezek, eta inkomunikatuta espetxeratu dute. Espainiako Auzitegi Nazionalera, Ismael Moreno epailearen aurrera, martitzenean eroan zuten 27 urteko durangarra, etakidea delakoan. Inkomunikatuta deklaratu zuen, konfidantzazko abokaturik gabe.
Tratu txarrak salatu ditu Gorka Lupiañezek, eta inkomunikatuta espetxeratu dute. Espainiako Auzitegi Nazionalera, Ismael Moreno epailearen aurrera, martitzenean eroan zuten 27 urteko durangarra, etakidea delakoan. Inkomunikatuta deklaratu zuen, konfidantzazko abokaturik gabe.

Guardia Zibilaren eskuetan egondako bost egunetan tratu txarrak jasan izana salatu zuten, berri agentzien arabera, eta ez zien fiskal eta epailearen galderei erantzun. Moreno epaileak auzia sekretupean mantentzeko agindu du. Eguazten iluntzean durangarrari elkartasuna adierazteko manifestazioa egin zuten Durangon.

Agentzien arabera, Lupiañezek pistola bat zeukan Berrizen atxilotu zutenean, joan zen eguenean. Iazko urrian ETAk Frantziako Vauvert herrian dagoen arma biltegi batean lapurtutako 350 pistoletako bat da atzemandakoa, iturrion berbetan. Fiskalak ETAren Bizkaia Komandoko kide izatea leporatu dio. Erakunde armatuko kide izatea eta armak eta dokumentu faltsuak edukitzea egotzi eta baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu zuen.

Abadiñon eta Mendatan izan dira miaketak, esan dutenez, DNA frogen bila. Senideek eta Amnistiaren aldeko mugimenduak atxilotu ondoren gaztearen egoeraz “ardura” agertu zuten. Lehenago be behin baino gehiagotan atxilotu izan dutela eta bi alditan torturatu egin zutela salatu zuten. Habeas corpusa eskatu zuen familiak gaztearentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!