Fauste Bekoarekin lotutako lur-trukea ez du aurrera egin

Anboto 2007ko abe. 11a, 14:40
Gehiengo absolutua ez lortzera, Gobernu Taldeak ez du lortu Fauste Bekoako ekipamendu partzialaren erabilera eta bizigarritasuna zehazteko arau subsidiarioen aldaketa zehatza behin betiko onartzea. Tabiran eta Hegoaldeko etorbidean, denera 4.075m2 batuz, lur-trukea egitera bideratuta dago aldaketa hori.
Gehiengo absolutua ez lortzera, Gobernu Taldeak ez du lortu Fauste Bekoako ekipamendu partzialaren erabilera eta bizigarritasuna zehazteko arau subsidiarioen aldaketa zehatza behin betiko onartzea. Tabiran eta Hegoaldeko etorbidean, denera 4.075m2 batuz, lur-trukea egitera bideratuta dago aldaketa hori.

Open Club Durango S. L. eta Promociones y Planificaciones Inmobiliarias Iruña S.L. enpresekin egin gura du Gobernu Taldeak lur-trukea. Ordez, Fauste Bekoan , mintegiaren alboan, 840 m2 emango lituzke Udalak. Hala ere, aldaketaren behi betiko onarenak aurrera ez egitean, lur-trukea ez zen eztabaidatu. EAJ eta PP bakarrik izan dira aldaketa zehatzaren alde; kontra, EB-Berdeak, Aralar, PSE-EE eta EAE. Kirol-ekipamendurako sistema orokorrean sartzean datza aldaketa: hor dagoen eraikinaren sotoan kirol gelak jarri gura dituzte bultzatzaileek, eta lortutako lurra aparkaleku moduan jarri.

Aitatu dezagun 2006ko irailean Udalak Fauste Bekoan duen 1000m2ko lursailaren kalifikazioa aldatzeko espedientea hastea. Lur-trukatzea egitea ere onartu zen behin behinekoan. Erakustaldi publikoa bete da eta alegazio epea ere bai. Aralarrek hiru alegazio sartu izan ditu erabakia bertan behera geratzea eskatuz. EAJk gogoratu du lau txosten juridiko izan direla eta hiruk ebatzi dutela alegazioak atzera botatzea.

EB-Berdeek lur-trukea egitera bideratutako aldaketaren kontrako jarrera berretsi du, “lur-trukea egiteko proposamena izan artean ezer planteatu ez” dela arrazoituz. Aralarrek ere aurrekoan lez “ez forma ez edukietan” ados ez dagoela nabarmendu du: “1.000m2 zertara bideratuko diren erabakitzea denon eskubidea da. Baina, hitzartutako erabakia etorri zaigu, eta gero lur-trukea egitekoa pausoak eman dira”.

Edukiei dagokionez, berriz, lur horri bestelako erabilera bat ematea badagoela uste du Aralarrek. “Eztabaida juridikoetan sartu gabe, lur antolamendua aldatzeko boterea herriaren interesa babesteko erabili behar da eta horrela izan denaren zalantzak ditugu”.

Zalantzak agertu ditu PSE-EEk ere bai. Arau Subsidiarioen berrikuspena egin behar dela uste dute sozialistek, “beharrak aldatuz doazelako. Ezin da partxeak jartzen jardun”. Egindako lau txosten juridikoen artean “kontraesanak” daudela diote eta “gauzak hasieratik txarto” egin direla: “errepide azpiegituretarako beharrezkoak ditugu lurrak, baina, legezkoa ez den egoera bat errazteko? Helburuak ez ditu bitartekoak justifikatzen”.

EAEk bere aldetik “platera jarrita eta bulego baten egosita” datorkiela azaldu du, eta “interes partikularren aldeko intentzionalitate handia” dagoela deritze.

PP eta EAJ alde

PPk Durangorentzat eta herritarrentzat “onura itzela” ekarriko luke lur-trukeak. Baita EAJren ustez ere. Inguru horretan doan kiroldegiari aparkalekua egokitzeko aukera — 850m2— ematen zaizkiola azaldu du, eta Udalak Tabira eta hilerria lotzea bideratuko lukeen lursaila lortutako lukeela. Tabirako igerilekuen inguruan ere aparkalekua egokitze legokeela diote. “Urrezkoa aukera” galdu dela uste du EAJk: “Aurreikusita dauden egitasmoak egin egingo dira, baina, Udalari gastu handiagoa eskatuko dio”.

Udal arkitektoak azaldu duenez ez da “baimen klandestinorik” eman: “Udalak baimena eman zuenetik denboran zehar aldaketak izan dira eraikinaren barrualdean, horrek baina ez die hirigintza parametroei eragiten”. Irtenbiderik topatzea badela nabarmendu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!