Azokak izandako erantzunarekin "pozik" dago Gerediaga

Anboto 2007ko abe. 10a, 09:21
Azokak eskainitako “aniztasuna” nabarmendu dute Gerediaga elkarteak, Euskal Editoreen Elkarteak eta Diskoetxeen ordezkariak. Era berean, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren zuzendari Jon Irazabal “pozik” agertu da Azokak izan duen erantzunarekin. “Asko izan dira Azokara etorri direnak” bere berbetan, eta “egun guztietan” banatuta. Eguerdia ere, jende ugarik jardun duela erosketak egiten nabarmendu du.
Azokak eskainitako “aniztasuna” nabarmendu dute Gerediaga elkarteak, Euskal Editoreen Elkarteak eta Diskoetxeen ordezkariak. Era berean, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren zuzendari Jon Irazabal “pozik” agertu da Azokak izan duen erantzunarekin. “Asko izan dira Azokara etorri direnak” bere berbetan, eta “egun guztietan” banatuta. Eguerdia ere, jende ugarik jardun duela erosketak egiten nabarmendu du.

Bai editore elkarteko ordezkari Jorge Gimenezk zein diskoetxeen bozeramale Angel Valdesek jende kopurua erosketekin lotuta egon dela nabarmendu dute. “Urte ona” izan dela nabarmendu dute biek. Bai liburu bai diskoei dagokionez eskaintza “anitza” izan dela azpimarratu dute. Ildo horretan, aurten, “salmenta handi bakar bat ez egon izana” era positiboan baloratu dute Gimenezek eta Valdesek. “Salmenta ere zabaldu” egin dela nabarmendu gura izan dute biek.

Beste alde batetik, bai Azokaren zuzendari Irazabalek bai Gerediaga elkarteko lehendakari Nerea Mujikak Azoarekin lotuta antolatutako era guztietako ekitaldiek “izandako erantzuna azpimarratzekoa” izan dela azaldu dute. Lehenengoz egin den Durangaldeko musika taldeen kontzertuak izan duten harrera “paregabea” azpimarratu du Mujikak, bai eta Elkartegian egin diren aurkezpen, saio eta bestelako ikuskizunak ere bai.

"Alde ludikoa eta 'serioagoa' uztartu guran"


Gerediagakoek Paiatarren Oroimenaren Lupa saioa eta Durangaldeko Bideografik taldearen eskutik ikusi ahal izan zen Psikoblok, Ur Sakoneko Bakardadea dokumentala ekarri izan dituzte gogora. Bide horretan “Azokak sormenaren sustatzaile bidean egin dion apustuari eutsi gura dio aurrera begira”, eta era horretako ekimenak “bultzatu “eta “babesteko” asmoa agertu dute Gerediagakoek.

Elkartegian egiten diren ikuskizunen aldeko “apustua” sendotzen hasi da Irazabalen berbetan eta geroz eta jende gehiagok parte hartzen ei du: “Azokaren alde ludikoa eta ‘serioagoa’ uztartzeko aukera ematen digu eta bide horretan jarraituko dugu”.

Olentzeroren bisitarekin esan zuen, atzo, agur Azokak. Egunotan ikusteko eta entzuteko hainbat eskaini dizkigu. Aitatu dezagun, sormenaren sustatzaile izateko bidean ere, beste literatura batzuekiko elkarlana bultzatzeko asmoari eutsi diola Azokak, antolatzaileek gogoratu duten moduan. Georgiako literatura ezagutzeko aukera eskaini digu Azokak, hango idazleak gonbidatu ditu-eta Gerediagak. Era berean, Iparraldeko euskal sorkuntza aitortu eta saritu du Argizaiola saria Maiatz Elkarteari emanez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!