Hizkuntza Eskolako aurrekontua gehitu dela-eta Ikerketa Batzordea eratzea eskatu du oposizioak

Anboto 2007ko abe. 5a, 13:33
"Erantzukizun politiko zein administratiboak" argitzeko Ikerketa Batzordea sortzea exijitu du Durangoko Udaleko oposizioak — EB-Berdeak, Aralar, PP, PSE-EE eta EAE— Hizkuntza Eskolako lanekin lotuta azken udalbatzarrean hartutako erabakiaren aurrean. Hasierako aurrekontua %30a handitzea onartu da; hau da, 865.000 euro gehitu die aurrekontuari. Obra 2,9 milioiko aurrekontuarekin eman zen.
"Erantzukizun politiko zein administratiboak" argitzeko Ikerketa Batzordea sortzea exijitu du Durangoko Udaleko oposizioak — EB-Berdeak, Aralar, PP, PSE-EE eta EAE— Hizkuntza Eskolako lanekin lotuta azken udalbatzarrean hartutako erabakiaren aurrean. Hasierako aurrekontua %30a handitzea onartu da; hau da, 865.000 euro gehitu die aurrekontuari. Obra 2,9 milioiko aurrekontuarekin eman zen.

“Informazio eza” salatu du oposizioak; baita “inpotentzia” eta “babesgabetasun egoera” ere, “erabakiarekin lotutako ondorio penal posibleak ezin kontrastatu” aurkitu zirelako. Argitu dutenez, aste horretan bertan, hirigintza eta ogasun batzorde informatiboak egin ziren arren, ohiko udalbatzarrean bozkatzeko orduan “nahikoa informaziorik” ez zuten, EAJk osatutako Gobernu Taldeak oposizioak alde egingo ez zuela ikusi zuen arte. Udalbatzarra gelditu zen une horretan, zinegotziei kontra eginez gero, “bidegabeko aberaste batengatik erantzukizun penala” izango luken ekintza baten aurrean izan zitezkeela jakinarazteko.

Hizkuntza Eskolarako 865.000 euroko diru-soberakina gehitzearen alde egin zuen EAJk udalbatzarrean; abstenitu egin zen PP eta gainerako alderdiek ez zuten bozketan parte hartu. Obraren zuzendaritzak justifikatutako “benetako gastuari aurre egin ezean” erantzukizun penaletan jausi zitezkeela argitzeko etenaldia egin zuten aurretik.

Eztabaida luzea

Gogor kritikatu zuen oposizio guztiak aurrekontua gehitzea, aurretiko eztabaidan. EB-Berdeak “ulertezina” jo zuen %30eko desbideratzea. “Euren aldetik hartutako erabakiekin datoz. Aurretik informazioa izan behar dugu. Epeak luzatzea eskatuz gero zergatiak galdetu behar dira”. Zabalarra eskolakoak ere zain direla gogoratu zuen.

Lau hileko atzerapena daramatela eta hasiera baten 1,8 milioi gehitzea ere eskatu izan duela enpresak gogorarazi zuen Aralarrek. Enkantean ateratako baldintza orriak ekarri zituen gogora: “Jakin dute aurrekontua eta euren eskaintza baxuagoa ere izan zen, horregatik puntuak irabaziz. Baldintza-orriak zehaztu moduan lanak horrenbeste atzeratzeko ‘ezinbesteko arazorik’ izan denik ez dugu uste”. Ildo horretan, bere unean ia zergatik ez zen obra bertan behera uzteko erabakia hartu galdetu zuten, luzapenik eman gabe. Prozedura administratibo zigortzailea, baldintza-orrian zehaztutakoa hori ere, zergatik ez zen martxan jarri ere galdetu zuten.

Gertatutakoa “tamalgarria” jo zuen PPk ere bai, eta penalizazioak aurreikusita izanik zergatik ez zen horrekin aurrera egin galdetu zuten. Ildo beretik, PSE-EEk galdetu zuen ea epeak eta aurrekontua errespetatzen ez badira zertarako balio duen baldintza-orriak: “Hasierako egitasmoa oraingoaren berdina da. Izan daiteke zer edo zer ustekabea izatea, baina ez dena”. EAEk ere enpresaren "aurpegi gogorra" nabarmendu zuen udalbatzarrean eta igerilekuekin gertatutakoa gogorarazi.

EAJ bakarrik alde

EAJk bakarrik agertu zuen aldeko jarrera udalbatzarrean. “Desoreka oso handia” izan dela aitortu arren, “horrek gauzak txarto egin direla esan gura duenik” ukatu zuen: “Muinean, gai geologikoa dago. Zimendu arazoak ere izan dira; izan ere, sasoi bateko zimendua duen etxebizitza blokeari atxikituta dago Hizkuntza Eskola, eta beharrezkoa izan da apurka-apurka jardutea. Udalbatzarrak onartu moduan irakasleei galdetu eta euren ekarpenak jaso dira eta hornitzaileek eurek argiteria eta gasa aldatu dute. Guztiak prezioa igo du”.

Txosten teknikoaren aldeko jarrera berretsi zuen EAJk. Hizkuntza Eskola “egoki, duin eta modernoa” gura izan dela nabarmendu zuten, “legearen barruan egindako obra” dela ez eze. Diru publikoarekin “kontu handiz” eta “ inoren interes partikularren alde egin gabe” diharduela nabarmendu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!