Ia 16.000 lagun gerturatu dira aurten Durangoko Garbigunera

Anboto 2007ko aza. 29a, 16:11
Zakarra, egurra eta plastikoa dira gehien batu diren hondakinak; aerosolak, ontziak eta plastikozko ontzi kutsatuak, ostera, gutxien bildu direnak
Geroago eta gehiago dira, naturaren egoeraz kezkaturik eta hondakinei zerbitzu berri bat emateko asmoz, inguruko Garbiguneetara hurreratzen diren herritarrak. Orain dela urte batzuk jarri ziren martxan birziklatzen diharduten zabor-biltegi horiek, eta urteak joan ahala, gizartea euren eginkizunaren garrantziaz ohartu da. Horren adibide argia dugu Durangoko Garbigunea, zeinak, urtetik urtera, geroago eta jende gehiagoren preminak asetzen dituen.

Aitatzekoa da sortzen diren zakar, egur eta plastiko kantitateak. Azken hiru hilabeteetako kopurua kontuan hartu barik, 1.253.250 kilogramo dira, aurtengo urtean zehar, Durangoko Garbigunean batu direnak. Hau da, urte guztian sortutako hondakinen ia hiru lauren osatu dute zakar, egur eta plastikoek. Ostera, aerosolak, ontziak eta plastikozko ontzi kutsatuak izan dira gutxien batu direnak. Hau da, hiruren artean, %0,05era baino ez dira heldu.

Erabiltzaile kopurua
Urtean zehar, azkeneko hiru-hilabetea salbu, 15.824 lagunek erabili izan dute Durangoko garbiguneak eskaintzen duen zerbitzua. Aitatzekoa da urtarrilean izan duela bisitari gehien birziklaketa guneak. Ia-ia 2.000 herritar hurbildu dira bertara. Gainera, nabarmentzekoa da gabon osteko lehenengo hila dela urtarrila eta, beraz, oraindik orain, ugariak direla egun horietan sortzen diren hondakinak, nahiz eta, kontzientziazio kanpainak be urtetik urtera ugariago izan.

2007. urte horretan, 225 egunez izan dogu bertaratzeko aukera, urteko azken hiruhilekoa kontuan izan barik. Batez beste, hilabete bakoitzeko 25 egunetan egon izan da zabalik biltegia, egunean, gutxi gorabehera, 70 bisitari hartzen zituela.
Azpimarratzekoa da, baita be, abuztua izan dela Durangoko Garbiguneak lanik gutxien egin behar izan duen hilabetea, 61 bisitarirekin. Argi dago oporretan, birziklatze eta ingurugiro kontuetan, erlaxatu egiten garela.

Botikak birziklagune
Nahiz eta arraro oraindino arraro samar egin daitekeen, farmaziak ere birziklatzeko toki aproposko bilakatu dira, azken aldi honetan. Etxean eduki eta behar ez ditugun medikamentuak trabatik modu egoki eta garbian kentzeko era eskaintzen digute. Horrela, iraungitze edo kaduzitate data pasatuta daukienak tratatu egingo dituzte, eta gainerakoek elkarte humanitarioei emateko balio izango dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!