Idatzia onartu dute, emakumeen aukako indarkeria salatuz

Anboto 2007ko aza. 22a, 18:41
Emakumeen indarkeriaren aurkako eguna dela eta, indarkeri honen kontra Berdin Saretikek zabaldutako idatzia onartu dute Durangon,eta aurten, 28 dira ertzain-etxean jarri dituzten salaketak. Iurretak eta Berrizek ere onartu dute komunikatua.
Emakumeen indarkeriaren aurkako eguna dela eta, indarkeri honen kontra Berdin Saretikek zabaldutako idatzia onartu dute Durangon,eta aurten, 28 dira ertzain-etxean jarri dituzten salaketak. Iurretak eta Berrizek ere onartu dute komunikatua.

Emakumeen indarkeriaren aurkako eguna dela eta, osoko bilkura osatu zuten atzo Durangoko udalean eta Berdin Saretik zabaldutako komunikatu bat onartu zuten bertan. Gaiaren seriotasuna dela eta, salaketa osoko bilkura bidez egitea erabaki dute aurten udaleko kideek, prentsa oharrak arazoari garrantzia kentzen diolakoan.

Juan Jose Ziarrusta Durangoko alkateak, batzarra hasi eta berehala, ertzain etxean aurten 28 salaketa egon direla nabarmendu zuen, eta “gizarteko gaitz honekin” amaitzeko, ea zenbat salaketa gehiago beharko diren galdetu zuen.

Bozkatutako idatziak, “kontzientzia kolektiboan sakonki errotutako jokabide soziokultural bat” eta neska- mutilei egozten zaizkien rol desberdinak salatzea zuen helburu. Idatziak, heziketaren bidez urteetan zehar gizonak zein emakumeak jokatu dituzten paper okerrarekin jabetu beharra azpimarratzen zuen eta “berdintasunean oinarritutako harreman afektibo osasuntsuen sustapenean, eta pertsona autonomo, aske eta berdinen garapen integralean oinarritutako irtenbideen” aldarria bereganatzen duen komunikatuak.

Aurreko urteetan ez bezala, neska nerabeen kontrako biolentzian jarri da arreta aurtengo honetan, biolentzia sexista jasaten duten emakumeak gero eta gazteagoak direlako. Biolentzia hori, ezagunak diren betiko moduetara ez ezik, besteak beste, isolamenduaren bidez eta txantaia emozionalaren bidez ere ematen dela gehitu zuen Durangoko alkateak, horiek izanik, nerabeek gutxien ezagutzen dituzten eraso motak.

EAE-ANVk izan ezik, gainontzeko alderdiek idazkiaren aldeko bozka eman zuten, nahiz eta, urteko egun seinalatu batetik harago, egunero landu beharreko arlo bat dela nabarmendu. Alderdi ekintzailea aldiz, abstenitu egin zen, deklarazioaren alde egon arren, ez duelako Durangoko udaletxeak aurkeztea onartzen, joan zen urtean, ez zuelako ezer ere egin emakume gazteen inguruan, eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela nabarmendu zuten EAE-ANVko kideek, azaroak 25 egunero dela gogoratuz.

Iurretako eta Berrizko udalek ere, bat egin zuten Berdin Saretik sustatu eta Durangon ere onartu zen komunikatuarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!