Nazioarteko txakurren erakusketa zabalduko dute zapatuan, Landako Erakustazokan

Anboto 2007ko aza. 22a, 11:17
Bilboko XVI. Nazioarteko Txakur azoka hartuko du asteburuan, Landako Erakustazokak. Urtero bezala, ehunka txakur bertaratzea espero dute antolatzaileek; iazkoan, esate baterako, 800 inguru batu ziren.

Bilboko XVI. Nazioarteko Txakur azoka hartuko du asteburuan, Landako Erakustazokak. Urtero bezala, ehunka txakur bertaratzea espero dute antolatzaileek; iazkoan, esate baterako, 800 inguru batu ziren.

Bisitariek txakur arraza bakoitzaren ezaugarriak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten, azokak 600 inguru erakuslehio batzen ditu. Hilaren 24an eta 25ean 09:00etatik 19:00etara izango da zabalik.

Hirugarren urtez hartuko du Landako Guneak Euskal Herriko txakurren erakusketarik handiena eta, ohi bezala, milaka lagunen bisita espero dute. Txakurrik onenak eta ederrenak hautatzeko lehiaketetan parte hartuko dutenek goizean goizetik bertaratuko dira. Sarrerak zortzi euroko salneurria dauka asteburu osorako, eta egun bakar batekoak, bost euro balio du. Haurrek beherapena izango dute; hiru euroren truke sartu ahal izango dira.

Bizkaiko Txakur Elkarteak antolatzen du urtero erakusketa, «txakur-hazleek eginiko lana saritzeko» asmoz. Izan ere, erakusketan maila desberdineko lehiaketak egingo dituzte eta, bakoitzean, epaileek erabaki behar dute zein animaliak dituen ezaugarririk onenak. Kumeak, Nagusiak, Gazteak, Hazkuntza eta bestelako sailkapenetan lehiatuko dira parte-hartzaileak asteburuan.

Erakusketako epaileen artean mundu osoko adituak izango dira eta, txakur-hazleei dagokionez, Portugalgo, Herbehereetako, Belgikako, Alemaniako, Frantziako eta Espainiako ordezkariek eman dute izena, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!