Aitortzarekin “oso pozik” agertu dira, “itxaropen guztiak” gailendu dituztela nabarmenduz. Lan taldearen ia %70 den 36 lagun elkarrizketatu dituzte auditore britainiar bik eta, besteak bete, formazio, motibazio eta inplikazioaz galdetu die. Zentroko zuzendari Julen Elgetaren berbetan, “pertsonekin lotutako irizpideak” hartu dira aintzat. Hezkuntza Sailaren bitartez hasi ziren estandarra lortu guran lanean, eta azken urte bian jardun dute Matchmind enpresak (Madril) lagunduta. Jardunaldia
Bestalde, XIII. Europako Kalitatearen Astearen barruan, azaroaren 7an, Pertsonen kudeaketa. Investors in People estandarra jardunaldi berezia izango dute ikastetxean. Orain hiru urte legez, orain ere, pertsonak hartu dituzte langai eta egindako lana ez eze, jasotako aitortza ere azaldu gura dute.
Ikastetxeak orain 10 urtetik hona erabilitako bikaintasunerako EFQM eredua enpresetara hedatzea be sustatu gura dute: “Horren ondorio da Investor in People ere”. Beste erakunde eta enpresekin “partekatu” gura dute, “eurek be barneratzeko”, dio enpresa eta berrikuntzan dabilen Daniel Irazolak.
Pertsonen kudeaketarako tresna berrietan interesa duten guztiei zuzendutako saioa 16:00etan hasiko da: pertsonen funtzioen eboluzioaren garrantziak erakundeetan daukan eragina aztertuko dute, ‘Investor in People’-en azalpena zehaztuz. Heteleko zuzendari Eduardo Fernandez, CEBEKeko Idazkari Orokor Jabier Azpiazu, Matchmindeko gerente Raquel Santos eta zentroko zuzendari Julen Elgetak jardungo dute.