Tratu txarrak jasotako emakumeentzako harrera etxea.

Anboto 2007ko urr. 30a, 12:43
Etxean tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzako harrera pisurako barne araudia onartu du, aho batez, Udalak. Bost leku izango ditu “azken tramiteak falta” dituen etxeak. Berdintasun batzordeburu Mª Jose Balierrek “lorpen handia” deritzo araudiari.
Etxean tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzako harrera pisurako barne araudia onartu du, aho batez, Udalak. Bost leku izango ditu “azken tramiteak falta” dituen etxeak. Berdintasun batzordeburu Mª Jose Balierrek “lorpen handia” deritzo araudiari.

Tratu txarrak jasandako emakumeentzat (emantzipatutako adin-txikikoak barne) da pisua; “etxerik eduki ez edo edukita ere erabiltzerik ez dutenentzat”. Era “iraunkorrean” Ertzaintzarekin hartu-emanean izango da eta Gizarte Zerbitzuen bitartez bideratuko da (ohiko bidetik zein urgentziaz).

Udalak eta Gizarte Zerbitzuek egingo die aurre gastuei. Hala ere, lanbide arteko gutxieneko soldata —edo hortik gorakoa— jasoz gero euren eta euren kargu dituztenen mantenu gastuei aurre egin beharko die emakumeak; izan ere, kargu dituen pertsonei — seme-alabak, gurasoak…— ere zabalik izango da harrera etxea. Lau hileko epea zehazten du araudiak, ondoren, egoera berriro aztertzea ere izango den arren, Balierrek argitu duenez: “Hala ere, famili.etxeari buruzko epai judiziala egon arte ez da inor kaleratuko; hala ere, izan daiteke norberak joan gura izatea”. Berdintasun Batzordeak eta udalbatzarrak jardueraren barri izango du, “beti be, diskrezio osoz”.

“Lan garrantzitsua”


EB-Berdeak-ek lan “garrantzitsua” egin dela nabarmendu du, “maila politikoan zein Emakumearen Udal Kontseiluaren bitartez”; eta, Aralarrek, berriz, sei hile barru gaia berriro batzarrera ekartzea proposatu du, “arazoak sortu daitezke-eta”. “Beharrezko” zerbitzu horren jarraipena egiteko beharra nabarmendu du PPk ere.

Ahalegin “handia” egin dela aitortu arren, arazo “larria” izanik “ behar duen lehentasunik” ez zaiola eman dio PSE-EEk: “2005ean, Martxoaren 8rekin bat eginda udalbatzarrera ekarri genuen gaia eta altzariak jartzea baino ez ei zen falta”. EAEk ere gaia “denbora luzean izan dela geldirik” eta “behar duen garrantzia” eman behar zaiola esan du: “Baliabide bat da, baina gehiago eskaini beharko dira”. Araudia “zentzuz” aplikatu beharra ere azpimarratu du.

EAJk “prozesu luzea” izan dela dio, eta araudia “zeharkakotasun handiz” eta “zehatz” aztertu dela. “Egiteko asko egon arren, arlo horretako politiketan pauso bat gehiago eman da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!