Datorren urteko zerga eta tasak %2,5 igoko dira

Anboto 2007ko urr. 8a, 14:32
Zerga eta tasak %2,5 igoko dituzte 2008an. Era berean, hainbat hobari barneratuko dituzte. Halaxe erabaki dute azken udalbatzarrean, EAJren aldeko botoekin eta EB-Berdeak, Aralar, PSE-EE eta PPren abstentzioarekin. EAE-ANV kontra agertu da.
Zerga eta tasak %2,5 igoko dituzte 2008an. Era berean, hainbat hobari barneratuko dituzte. Halaxe erabaki dute azken udalbatzarrean, EAJren aldeko botoekin eta EB-Berdeak, Aralar, PSE-EE eta PPren abstentzioarekin. EAE-ANV kontra agertu da.

Barneratutako hobariei dagokionez, kide ugariko familientzat Ondasun Higiezinen Zergarekin eta zabor eta estolderia tasekin lotutako hobariak errenta aitorpenarekin lotzea erabaki dute. Guztientzat mantentzen dira hobariak, hala ere, errenta baxuagoa dutenek laguntza gehiago jasoko dituzte. Beste alde batetik, areago eta gehiago zehaztu da ekonomia jardueren gaineko zergarekin lotuta enpresen lekualdatzea bultzatzeko hobaria. Horrela, herri gunetik gertu dauden enpresei %50eko hobaria emango zaie, urte bian, lantokia herriko industriguneetara lekualdatzen badute. Aitatu dezagun 25 urtetik gorako ibilgailuek %100eko hobaria izango dutela trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zergan; eta, establezimenduen irekitzeko lizentziatan —beti ere titularra langabetua izanda— aurreikusita zegoen hobarian adin muga ezabatu da.

Azkenik, zabor eta estolderia tasa %10 igoko da, lur urbano zein urbanizagarrian dauden famili bakarreko zein famili biko ilarako etxeen kasuetan. Orokorrean, ordenantza fiskalen alde egin arren, azken aldarazpen horren kontra agertu izan da EAJ, diotenez, “baserri edo eraikin batzuk, famili bakarrekoak izanda ere, ez dute-eta zaborraren zerbitzu egokia jasotzen; eta tasa beti dago zerbitzuarekin lotuta”. Ogasun Batzordean barneratu ziren aldarazpen guztiak; azken hori ere eta EAJ kontra izan arren, alde agertu ziren Aralar, EB-Berdeak eta PSE-EE. Oro har, proposamenari “borobila” deritzo EAJk. “Orokorrean arau fiskal egokiak” deritze.

Hainbat zuzenketa

Arau Fiskalei 15 zuzenketa aurkeztu zizkien PPk eta bost izan ziren onartuak edo bateratuak; erretiratuak izan ziren bi eta zortzi ez ziren onartu. Aralarrek aurkeztutako bostetik lau onartu ziren eta bat erretiratu egin zen; eta, PSE-EEk, aurkeztutako zazpietatik hiru batu ziren, bi ez ziren onartu eta beste bi erretiratu egin zituzten. EAE-ANVk osoko zuzenketa bi aurkeztu zituen: ordenantza guztia berrikustea eta igoerarik ez egitea eskatu zituen.
Azken horrek osoko bilkuran ere mantendu zituen zuzenketok baina atzera bota zituzten; baita PSE-EEk mantendutako beste zuzenketa partzial bat ere: TAOko egoiliarren txartela 53 eurotik 20ra jaistea proposatu zuten.

EAEk aurrekontu nagusia onartzeko prozesua aldatzea proposatu du: “etorkizunean egingo diren proiektuen inguruan eztabaidarik gabe, hau da, egingo diren gastuak arrazoitu gabe durangarrei ze karga ekonomiko atxikiko diegun erabakitzen da. Ariketa hori alderantziz egin beharko litzake”. Kontra jokatzeak, diotenez, “urte bukaeran, aurrekontuan hitzartutako partiden soberakinak ondo planifikatu gabeko inbertsio bihurtzea” dakar batetik, eta,bestetik, “besterik gabe, aurreko urteko arau fiskalak hartu, testua gaurkotu eta KPIan oinarritutako igoera bat ezartzea”. Arrazoitu dutenez, azken lau urteotan, prezioak baino %3,6 gehiago igo dira tasak, eta planteatutako igoera jadanik egina dutela deritze.

EB-Berdeak taldearen ustean proposatutakoa ez da “salbuespenezko” igoera; eta zerbitzu publiko “duina” eskaintzearen alde zerga eta tasak igotzearen alde agertu da. Aralarrek ere gogoratu du Udalaren diru-sarreren %40 zerga eta tasen bitartez datorrela. “Batez ere zergak — berriz gizartera itzultzen dira— beharrezkoak dira eta igoera behar da. Zama handia da, baina, horretarako daude klausula sozialak ere bai”. PSE-EEk ere bide beretik azaldu du zerbitzu asko eskaintzen direla eta zerbitzu “onak” izaten jarraitu behar dutela; nabarmendu du, baina, laguntzak bideratzea beharrezkoa dela.

PPren ustean, berriz, “nahikoa soberakin dago aurrera egiteko, igoerarik gabe” eta udaleko diru-kutxa “osasuntsu” denean gizartearen onerako izan behar dela. Gehiegizko igoera deritzo proposatutakoari, “are gehiago interes tipoak maximo historikoetan direnean”. EAJk, proposamenari “borobila” deritzo, zuzenketaren batekin ados egon ez arren

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!