Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraituz, lantegia eratu du aurten ere Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE). Irailaren 10ean hasi eta 13ra bitartean, idazle baten obraren lagin bat (narrazio bat, eskuarki), hainbat hizkuntzatara itzuliko dute gonbidatutako itzultzaileek, idazlearen laguntzarekin. Iaz Euskadi Saria jaso duen idazleari egin diote gonbitea oraingoan lantegian parte hartzeko, Iban Zalduari.
Idazleak berak aukeratu ohi duen itzulgaia, eta euskaratik zuzenean itzultzen dute testua lantegian (zubi-hizkuntzarik gabe). Aurten, Itzalak liburutik izen bereko narrazioa itzuliko dute, beraz, honako itzultzaileek: Roberta Gozzi (italiera), Christiane Bendel (alemana), Angel Erro (gaztelania) eta Fermin Arkotxa (frantsesa).
Testua aldez aurretik prestatuta ekartzeko eskatzen zaie itzultzaileei, eta lantegian orrazten dute gero. Idazleen laguntza izaten dute itzultzaileek, hala zalantzak argitzeko nola testuaren inguruko argibideak emateko. Horrezaz gainera, bata bestearen hizkuntzaren eta kulturaren berezitasunak eta itzulpen prozesuan agertzen diren kontuak partekatzeko aukera izaten dute (ñabardurak, itzulpen zailtasunak, interpretazioak, kultur hitzen itzulpenak…).
Horretarako , nork ere lana orrazten ordu batzuk egiten dituzten itzultzaileekin, idazlea ondoan dutela, eta, bestalde, talde osoaren saioak egiten dira.
Jendaurreko saioa
Durangoko Ibaizabal ikastolan egingo dute lantegia, bertako Errota pentsioan ostatu hartuta, aitatu dugun moduan irailaren 10etik 13ra bitartean. Amaiera ekitaldia jendaurrean egingo da, hilaren 13an, 19:00etan, Landako Guneko ekitaldi aretoan. Esperientzien berri emateko mahai-ingurua, eta irakurketa saioa egingo da bost hizkuntzatan.
Orain hiru urte hasi ziren ekimen honekin eta Pello Lizarralde, Jokin Muñoz eta Harkaitz Cano izan ziren lantegietako idazleak, hurrenez hurren.