Gaur zabaldu dute behin betiko eta ordutegi berriarekin Herritarren Arretarako Zerbitzua, Barrenkale 17an; hilabete bi pasatxo dira goizez eta behin-behineko egoeran badihardutela. Aste honetatik, berriz, “herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz”, 08:00etatik 14:00etara ez eze 16:00etatik 19:00etara ere badago zabalik, astelehenetik eguenera; barikuetan, goizez. Halaxe eman dute jakitera udal arduradunek.
Besteak beste, zerga-bilketa, baimen, idazkaritza-tramite, diru-laguntzen jasotze edo oinezkoentzako jarritako gunearekin lotutako gestioak “arintzeko” helburuarekin sortu dute Herritarren Arretarako Zerbitzua, azaldu dutenez. Lagun bik jardun dute udal tramitazio guztion kudeaketan orain arte (Udaleko Erregistro Orokorrean); zerbitzu berria abiatuta, berriz, bost lagunek dihardute orain.
Abuztuaren 24an Guardia Zibilaren kuartelaren alboko aparkalekuan jarritako bonba-autoak eragindako kalteen kudeaketa bideratzeko ere bertara jo behar da. Udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, 50 eskaera inguru batu dituzte dagoeneko. Hala ere, asteotan gehitu egingo direlakoan daude. “Oporretatik bueltan dator jendea eta geroago eta gehiago hurreratzen dira”.