Bonba-auto bat lehertu da Durangon, guardia zibilaren kuartelaren aurrean

Anboto 2007ko abu. 24a, 08:36

Guardia zibil bi zauritu dira Durangon, Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan bonba-auto bat lehertu eta gero. Agenteak Galdakaoko ospitalera eraman dituzte zauri arinekin. Furgoneta kuartelaren aurrean aparkatuta zegoen, bidearen bestaldean, eta emandako datuen arabera, 03:30ean lehertu da.

Guardia zibil bi zauritu dira Durangon, Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan bonba-auto bat lehertu eta gero. Agenteak Galdakaoko ospitalera eraman dituzte zauri arinekin. Furgoneta kuartelaren aurrean aparkatuta zegoen, bidearen bestaldean, eta emandako datuen arabera, 03:30ean lehertu da.

Leherketa Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan dagoen aparkalekuan izan da. Furgoneta Montorreta kalearen erdialdean aparkatuta zegoen, Durangotik Elorriorako irteeran. Agente biek leherketaren ondorioz hautsitako kristalek eragindako zauriak dituzte.

DYAren arabera, guardia zibiletako batek -30 urtekoa- hautsitako kristalek eta auto-bonbaren uhin hedakorrak egindako zauriak ditu. Bigarrenak, berriz, -37 urtekoa- eskumako eskuan ebakiekin eta mareatuta eraman dute ospitalera. Zortziak inguruan senda agiria eman diete.

Citroen C-15 markako furgonetan jarritako lehergailuak kalte handiak eragin ditu, besteak beste, kuartel-etxeko 16 etxebizitza eta 10 ibilgailu hondatu ditu . Joan Mesquida Guardia Zibileko zuzendariak adierazi duenez, 80-100 kilo lehergairekin osatu dute bonba.. Kalte horiek direla-eta, bizilagun batzuk euren bizilekuetatik atera dituzte. Kalteak kuartelaren inguruan 150 metro koadroan ere izan dira. Zenbait etxetan, kristalak hausteaz gain, ate eta leihoetako markoak euren lekuetatik atera dira. Guardia Zibilaren autoek eta kuarteleko fatxadak kalte handiak pairatu dituzte.

Polizia iturriek segituan ETAri egotzi diote atentatua. Horrela balitz, ekainaren 6an su-etena bertan behera utzi zuenetik gauzatzen duen lehenengoa litzateke.

Amorebieta-Etxanon bigarren lehergailua

Ordubete geroago, 04:30ak aldera, beste auto bat lehertu da Amorebieta-Etxanon. Atentatuaren egileek erabilitako autoa dela uste du Poliziak. Autoak Portugaleko matrikula zuen. Ondoren, Poliziaren esanetan, oinez egin omen dute ihes.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintza ikertzen ari da autoak lehergailu batek eztanda eginda erre den edota, erre egin duten eta ondoren gertatu den leherketa. Leherkataren abisurik ez da jaso.

DURANGOKO UDALA:

Atentatua dela-eta, Duangoko Udalak jakitera eman duenez, goizeko 11etatik aurrera (barikutik) Bezero Harretarako Bulegoan, Barrenkale, 17an, bulego berezia jarri du afektatuen datuak hartzeko eta izan dituzten kalteen diru-laguntzak bideratzeko.

Eguerdiko 12:30ean, bestalde, bozeramaile batzordea osatu dute eta honako komunikatua kaleratu dute:

Gaur, abuztuaren 24ko goizaldean, Guardia Zibilaren kuartelaren kontra burututako atentatuaren aurrean, eraikin-kuartela, hirurehun pertsonen etxebizitzak eta alde horretako enpresa batzuk ere ukitu dituen ekintza honi begira, Durangoko Udalaren Bozeramaile-batzordeak ondokoa adierazi nahi du:

1.Atentatu hau erarik eragingarrienean gaitzestea, bi guardia zibil zauritu, eta euren etxebizitza zein ibilgailuetan hirurehun pertsona baino gehiagok galera materialak jasan dituzte.
2.Zaurituei eta kaltetuei gure elkartasuna adieraztea.
3.Kaltetutako guztiei gure laguntasun oro ematea.
4.Ekintza bortitz hauek arbuiatzea, samina sortu eta irtenbiderik luzatzen ez baitituzte.
5.Gure herriaren arazoak konpontzeko bidean ildo demokratikoak erabiltzeko konpromisoa.
6.Herritarrei deialdia egitea gaur 19:00etan Udaletxeko plazan konzentraziora biltzeko.

Sinatu duten alderdiak: EAJ-PNV, PSE-EE, PP, ARALAR eta EB-B.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!