Durango erdialdean dagoen Odi-Bakar S. A. antzinako enpresa eraitsiko dute, barikuan, uztailaren 27an, 10:00etan. Hodien garraio elektrikoak bideratzeaz arduratu izan da enpresa hori, industria eta nekazal erabileraz, saneamenduaz eta beste zenbait erabileraz ez eze. Enpresa 1930ean sortu zen eta Iurretako Mallabiena industrigunea lekualdatu zen iaz.
Durangarren artean ‘Aleman’ izenarekin ezaguna da enpresa horren eraispenarekin Durango erdialdeko “birsorkuntza prozesu garrantzitsua” bideratzea da helburu nagusia. Jakitera eman dutenez, hirigintza garapen horren bitartez etxebizitza berriak eraiki gura dira bertan; horien artean 58 babesekoak. Udalarekin sinatutako itunak batzen du asmo hori.
Datozen hileetan Construcciones Sukia S. A.k, prozesuaren enpresa bultzatzaile moduan, etxebizitza bloke baten sustapen eta eraikitze prozedura eroango du aurrera. Nabarmendu dutenez, “etxebizitzok hiriaren garapenari begirako puntu estrategikoan aurkitzen dira, izan ere, Eusko Trenen egoitza berria eta trenbidearen lurperatzea batzen duen egitasmoak eragingo duen birsorkuntza urbanistikoaren alboan daude. Hor lorategi handi bat, eta merkataritza eta aisialdi gunea daude aurreikusita”.