Mataderoaren 50. urteurrena gogoratzeko jaialdia eratu dute auzokoek

Anboto 2007ko eka. 18a, 11:43

Oinarrian langile-auzoa eta etorkin famili askorekin. Halaxe hasi zen Esteban Bilbao auzoa, orain Aramotz Auzunea dena. Horretaz 50 urte bete dira eta hori aintzat hartuz jaialdi berezia antolatu du, ekainaren 23rako, auzo elkarteak . Auzoan bizi izan diren edo bizi diren guztiei zuzendutako jaia da eratutakoa.

Oinarrian langile-auzoa eta etorkin famili askorekin. Halaxe hasi zen Esteban Bilbao auzoa, orain Aramotz Auzunea dena. Horretaz 50 urte bete dira eta hori aintzat hartuz jaialdi berezia antolatu du, ekainaren 23rako, auzo elkarteak . Auzoan bizi izan diren edo bizi diren guztiei zuzendutako jaia da eratutakoa.

Hala ere, batez ere, 1956 inguruan auzoan bizitzen hasi ziren pertsona hareek omendu gura dituzte. Dena den, hil egin dira hainbat eta horien aldeko meza abestua izango da San Roke ermitan, 11.00etan. Azaldu dutenez, 50. urteurrena gogoratzeko oparia jasoko dute auzokoek.

Mataderoko auzoa lez ezaguna denak, kanpoaldeko auzo gehientsuenak lez, “askotariko hutsune larriak” izan ditu: garbitasun, estolderi, argiteri, asfaltatze edo higienearekin lotutako hainbat hutsune. Hala ere, “sasoi hareetako udal arduradunek arduragabeko jaramona egiten zien kexa eta aldarrikapenoi”, gogorarazi dutenez, eta herritarren hainbat mobilizazio garrantzitsurekin egin behar izan zieten aurre.

Horren haritik sortu zen oraindino ere badiharduen Herria Auzo Elkartea. Bertotik, izandako hutsune urbanistiko guztiak bideratzeko eta borrokatzeko.

Herri bazkarirako izena emateko azken aukera, gaurkoa

Auzokoak izan diren edo direnentzako bazkaria izango da 14:30ean eta 65 urtetik gorakoak doan izango dute — 10 urtetik beherako umeentzat 5 euro eta helduentzat 10 euro—, eta, bazkalostean, auzoko trikitilariek berotuko dute giroa. Antolatzaileek dei zabala egin diete 65 urtetik gorakoei zein auzotar guztiei parte hartzera eta txartela Herria tabernan hartu dezakete lekua — edo honako telefonoan: 658 715 604—. Horretarako azken eguna da gaurkoa.

Aurretik, baina, Durangoko Musika Bandaren kalejira eta kontzertua izango dira 12:00etan eta, gero, Unai Iturriaga eta Onintza Enbeita bertsolariek auzoaren historia gogoraraziko dute.
Eguna, hala ere, txistularien kalejirarekin hasiko da 10:00etan, eta, auzo ingurutik ibilaldi zikloturista ere izango da 11:00etan. Gaztelu puzgarriak izango dira 11:30ean eta 16:00etan ere bai.

Karaokea hasiko da 17:00etan eta musika kontzertua, berriz, 18:00etan. Los Cinco Bilbainos taldeko kide izandako Iñaki eta Jesusek berotuko dute jai giroa.

San Juan bezpera izanik jaialdiak San Juan suarekin egingo du bat eratutako ekitaldiak. Aitatu dezagun, txokolatada herrikoia izango dela 21:00etan eta su artifizialak eta suzko zezena izango direla 22:00etan. San Juan sua 22:30ean isiotuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!