
Orain 100 urte Manchester (Ingalaterra) egin zen trenak berriro hartu du Durangorako bidea. Tren horrek 50 urteko historia dauka eta 1950. hamarkadara arte eskaini zuen zerbitzua. 1990ean zaharberritu zuten.
Durangoko geltokian AHTaren aurkako oihuekin hartu dituzte agintariak han batutako 50 lagun inguruk. Elkarrateratzea deitu izan dute eta AHTaren eta EAJren aurkako leloak bota dituzte agintariak igarotzean. Landako erakustazokan izan da ekitaldi nagusia, eta AHTaren aurka batutako herritarrei ez die sartzen utzi.
Argazki eta tren materialez osatutako erakusketa ikusi dute bertaratutako agintariek eta, ondoren, ongietorri ekitaldia hasi da. Kriskitin dantza taldea, Tabira Musika Bandak eta 125 urte bete dituen Durangoko Orfeoiak parte hartu dute Felix Arkarazok gidatutako ekitaldian. Tartean, Durangoko jarduneko alkate Juan Jose Ziarrustak ere hartu du hitza.
Trenaren etorrrera gogoan
Bilbo-Durango trenbidearen inaugurazioa 1882ko maiatzaren 30ean egin zela gogoratu du Ziarrustak. “Aurretik, obrak ikusteko Probintziako Gobernadore Zibilak, obraren zuzendari eta kontratistak eta trenbide enpresako arduradunek egin zuten, hala ere, lehenengo bidaia. Orduan, Durangon zituzten zain hainbat agintari eta, oro har, pozik hartu zuten durangarrek trenaren etorrera”.
Inaugurazio ekitaldian, hala ere, Durangon egindako harrera “hotza” izan zen, “Udalaren eta trenbide enpresaren arteko desadostasunak tarteko” eta ekitaldi nagusia Bilbon izango zela-eta nahiko haserre zirelako durangarrak. Halaxe azaldu du Ziarrustak garai bateko kronikak gogora ekarriz. Bidaiarien zerbitzu publikoa 1882ko ekainaren 1ean jarri zen martxan. Gaur 125 urte, hain justu. Ziarrustak eskerrak eman dizkie bita Eusko Trenbide Sareari, Jaurlaritzari eta EuskoTreneri ere, “gaur egun diharduen trenbide sareko modernizazio lanengatik; Durangorentzat horrenbeste onura ekarriko dizkien lanengatik. Durango herri erreferentziala bihurtuko dute, mugikortasunean, aisialdian edota turismoan horrenbeste aldaketa eragingo dituzte lanekin”.
Garapena "trenbidearen eskutik dator", Lopez de Gereñuren berbetan
Nuria Lopez de Gereñuk nabarmendu du “trenaren eskutik datorrela Euskal Herriaren historia eta garapena. Euskal Herriarena eta trenbidearen historia bateratuak dira”. Ildo horretan, etorkizunari begira “trenbidearen eskutik jardun gura dugu garapenean”. Diotenez, XXI. mendeko trenbidean lanean dihardute: “Gaur egungo trenean inbertsio garrantzitsuak egin dira eta zerbitzu berriak eskaini gura dira. Azpiegitura garrantzitsu eta estrategikoak garatu gura dira”.






