
Lanbide Heziketako irakasleei zuzendutako eta kirolarekin lotutako moduluaren bitartez, eraberritzeak eta teknologiak kirol jarduerari begira eskaini ditzaken nobedade, aplikazio eta ahalmenak ezagutzera eman gura izan dituzte. Sei sesio edo mintegi izan dituzte parte-hartzaileek lehenengoz martxan jarri duten Berrikuntzarako Heziketa Modulu horretan; jarraipena izan dezan asmoarekin sortu da hori, interesa izan dezaketen zentroetan garatu dadin. GAIAkoek balorazio “oso positiboa” egin dute: “Izan ere, kirolean informazio eta komunikazio teknologiek duten garrantzia transmititzea lortu dugu, beste ikuspegi bat emanez, irakasleentzako zer edo zer ezezaguna izan daitekeena”.
Hainbat langai
Kirol enpresa ereduak, kirol teknologian ikerketa eta garapena, eraberritze erreal eta aplikatua, EFQM ereduan eraberritzea, edo, kirol erakundeetako gestio eredu adibide den Kirolema egitasmoa: horiek guztiak azaldu eta aztertu dituzte, besteak beste.
RED Sportis barruan sartzen da ekimena, GAIAk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutakoa. Horretan, estatu eta nazioarteko mailako hainbat erakundek parte hartzen dute. Kirolaren inguruan gizarte eraberritze eta berrikuntza teknologikoen elkartruke eta isladarako “nazioarteko erreferente” bihurtzea da horren helburua.