Neskato-mutikoei begirako euskarazko astialdi aukera zabala

Anboto 2007ko mai. 14a, 15:58

Txiki-txoko, Hiri kanpamendua, Abentura eta Ingelesez olgetan. Horrexek dira Udalak bultzatuta eratutako Uda Topera ekimenak batzen duen eskaintza: hiru urtetik 14 urtera bitarteko neskato-mutikoei begirako euskarazko astialdi eskaintza, hain zuzen ere.

Txiki-txoko, Hiri kanpamendua, Abentura eta Ingelesez olgetan. Horrexek dira Udalak bultzatuta eratutako Uda Topera ekimenak batzen duen eskaintza: hiru urtetik 14 urtera bitarteko neskato-mutikoei begirako euskarazko astialdi eskaintza, hain zuzen ere.

Euskaraz euren astialdia “ahalik eta ondoen” igarotzea dauka helburu eta dagoeneko izena emateko epea zabalik dago; maiatzaren 25era arte. Udal arduradunek azaldu dutenez, badagoen — eskolek, elkarteek, Bizkaiko Foru Aldundiak… eskainitakoa— eskaintzaren “osagarri” izan gura du Uda Toperan ekimenak eta, osotara, txanda bitan banatuta, 476 neskato-mutikorentzako lekua eskainiko da. Aitatu, azken urteetan egin moduan, kanpotik datozen gaztetxoentzako lekua — 24 leku— gordeko dela, Ongietorri egitasmoan batutakoak, eta Arreta Berezikoan ere 10 leku gordeko dituztela.

Herrian “aspaldi onartutako” eta “itzelezko” harrera daukan egitasmoa da Uda Toperan, nabarmendu dutenez: “Eskaera oso handia da eta askotan lekuarekin ere arazoak izaten ditugu; izan ere, esaterako, hiru urtetik 10 urtera arteko 3.000 gaztetxo daude erroldatuta”, argitu du Ander Gorrotxategik, Kirolak eta Gazteria zinegotziak. Guztira 300 begiralek jardungo dute eta prezioak iazko berdinak dira, igoerarik gabe — kasuan kasu, ohi legez, beherapenak ere izango dira—.

Lekualdaketak

Nobedadeen artean, berriz, leku aldaketak aitatu behar dira: Hiri kanpamendua (6-10 urte) Landako kiroldegiko sotoetatik Landako herri eskolara lekualdatuko dute; bertan izango da Txiki-txoko (3-5 urte) ere. Bestalde, Ingelesez olgetan (7-10 urte), Pinondo Etxean egotetik Landako kiroldegiko sotoetan egoetara igaroko da. “Horrela, hiru egitasmoak inguru berean batzea lortuko dugu. Oso garrantzitsua deritzogu horri”. Abentura (11-14 urte) egitasmoa Fray Juan de Zumarraga institutuan mantenduko da.

Ekainaren 25etik uztailaren 6ra —290 leku inguru izango dira— eta uztailaren 9tik 20ra —190 leku inguru—, txanda biok izango dira eta biotan izena emateko aukera izango den arren, bigarren txandan lehenengoan lekurik izan ez dutenek izango dute lehentasuna. Aitatu, Ingelesez olgetan eta Abentura egitasmoetarako txanda bakarra izango dela, lehenengoa.

Egitasmo osoa aurrera ateratzeko 60.000 euroko aurrekontua izan du Udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!