Galdategien Mundu Erakundean daude bai Azterlan bai Tabira Teknologia Institutua, Alemaniako Galdaketaren Teknologia Zentroa ez eze. “Bertan alemaniarrek luzatutako proposamena izan zen Azterlan Metalurgia Ikerketa zentroa bisitatzera etortzea, eta halaxe etorri dira. Lankidetza bultzatzea da helburua”, Azterlaneko arduradunek azaldu dutenez. Diotenez, Alemaniako Galdaketaren Teknologia Zentroa “kalitate handiko” taldea da, eta, zortzi bat enpresatako ordezkariak izan dira Durangon, Alemaniako hainbat lekutakoak. Elkartruke horrek hartu-emanak indartzea bilatzen du lehiakortasun maila ezagutzeko, Azterlanekoek adierazi dutenez. Tabira Teknologia Institutuko ordezkari Jose Mari Urtiagak nabarmendu duenez, berriz, “ordezkatzen duzuenaren antzekoak izan gura dugu; eliteko galdaketa enpresak”. Alemaniako Galdaketaren Teknologia Zentroko zuzendari Gotthard Wolf doktoreak egindako harrera eskertu du, eta “Europan Durango eta Euskal Autonomi Erkidegoa kontuan hartzen” dela azaldu. Kurutziagako gurutzearen erreplika txiki bat eman zien alkateak oroigarri lez.