Durangoko Pleno Txikiak jai batzorde txikia sortzea adostu du

Anboto 2007ko mai. 9a, 15:25

Gaur, hilak 9, Durangoko areto nagusian ikasturteko azken Pleno Txikia ospatu da. Guztira Durangoko ikastetxeetatik 20 ordezkari izan dira. Parte-hartzaileek, besteak beste, manifestu bat sinatu dute.

Gaur, hilak 9, Durangoko areto nagusian ikasturteko azken Pleno Txikia ospatu da. Guztira Durangoko ikastetxeetatik 20 ordezkari izan dira. Parte-hartzaileek, besteak beste, manifestu bat sinatu dute.

Uda aurreko azken Pleno Txikia egin da gaur goizean Durangoko udaletxean. Batzarrean San José-Jesuitak, Nevers, Santa Antonio Santa Rita, Landako eta Kurutziaga ikastolako 20 ikaslek parte hartu dute, besteak beste, :

Alkatesa txiki: Miren Aldekoa (San José-Jesuitak Ikastetxea)
Alkatesaorde 1: - Estitxu Kastrillo (Nevers Ikastetxea)
Alkateorde 2: Lander Calvo (San Antonio –Santa Rita)
Idazkaria: Sara Loiti (Landako Ikastetxea)
Interbentorea: Ane Gabilondo (Kurutziaga Ikastola)

Besteak beste, ikasturtean zehar izan diren Pleno Txikien laburpen modura, gaurko parte-hartzaileek honako manifestua sinatu dabe.

Ikastetxeetan eta Pleno Txikian izan ditugun eztabaiden ostean, durangar guztiengana zuzentzen gara eta honako hau adierazten dugu:

1. Ume, nerabe eta gazteak, eta baita pertsona helduak ere, oinez egiten ditugu herri barruko joan-etorri gehienak: eskolara, kultur guneetara, osasun zentroetara eta gure etxeetara.

2. Durangon zehar oinez edo bizikletaz ibiltzen garenok honako eskubide hauek dauzkagu: segurtasunez ibiltzeko eskubidea, oinez ibiltzeko gune erosoak izateko eskubidea eta bizikletentzako bide bereziak erabiltzeko eskubidea. Bizikletentzako bideek ibilgailuentzako bideetatik eta oinezkoentzako espaloietatik bereizita egon behar dute.

3. Gure zangoekin egiten dugun ariketa osasun-iturri bihurtzen da, baina jasangarritasunaren adierazpena ere bada kontuan izanik gure herriak gehiegizko trafikoa jasaten duela, batez ere, ordu zehatz batzuetan.

4. Oinez ibiltzeak edo bizikletaz ibiltzeak trafikoa arintzen du, zarata gogaikarriak saihesten ditu eta ez ditu gas kutsagarriak sortzen. Oinez ibiltzea edo bizikletaz ibiltzea mugikortasunaren mesederako da, eta istripuak saihesten ditu.

5. Autoa gehiegi erabiltzea ez da ez aurrerapenaren ez aberastasunaren seinale; handikeria baino ez da, saihestu daitekeen gastua, eta gasolina edo gas-olioa bezalako agente kutsagarriek eragiten dituzten arazoei bizkarra ematea islatzen du.

6. Durango oinez ibiltzeko herri aproposa da, ez baita oso handia, eta horrexegatik, lanerako behar izan ezik, autoa etxean utzi daiteke trankil asko. Durangon oinez egin daitekeen joan-etorri luzeena ordu erdi ingurukoa izaten da. Eta, gehienetan, ordu laurdeneko joan-etorriak egiten ditugu.

7. Gure planetak emisio kutsagarri handiak eta zarata ikaragarriak eragiten ditu, eta kalte hauek ingurumenak, pertsonek, animaliek eta landarek jasaten dituzte. Autoa behar dugunean baino erabiltzen ez badugu, izugarrizko mesedea egiten diogu ingurumenari eta Lur osoaren osasunari.

8. Hiriak maitagarriagoak dira hiritarrek hiriaren nondik norakoak ezagutzen badituzte. Hirian hara-hona ibili beharra dago eta herritarrekin hitz egin beharra dago hiriko plaza eta gune libreetan, hiriaren eta hiritarren historia ezagutzeko, herriko ohitura, bazter, kale eta hormen esanguraren berri izateko eta herriko merkataritzaren eskaintza ezagutzeko.

9. Umeok eta nerabeok uste dugu jasangarritasuna guztioi dagokigun kontua dela, baina guztiona den aldetik, bakoitzari ere badagokigu. Horrexegatik, jabetu beharra dugu motordun ibilgailuak erabiltzea ez dela horren beharrezkoa, gehiegizko abiadurak ez duela zentzurik, zaratek arazoak eragiten dituztela eta autoan zuhurtasunez gidatu behar dugula.

10. Umeok eta nerabeok, Durangoko herritarrak garen aldetik, durangar guztiak erakarri nahi ditugu mugikortasun ekologiko, lasai eta arduratsuaren kontzientzia berrira, horixe zor baitiogu jendeari eta mundu osoaren ondarea den ingurumenari.

San Fausto jaiak

Aipatu manifestuaz gain, Udalbatzak Jai Batzorde Txikia sortzea adostu du aurtengo San Fausto jaietako egitarauan parte har dezan. Batzorde horren esku geratuko da Umeendako Eguna antolatzearen ardura.

Jai Batzordeko kideak izango dira:
-Raúl Rodríguez (Landako ikastetxea)
-Lander Calvo (San Antonio Santa Rita ikastetxea)
-Estitxu Castrillo (Nevers ikastetxea)
-Ander Erdoiza (Jesuitak ikastetxea)
-Ander Aramendi (Kurutziaga Ikastola)
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!