Martxoak 31an gazteok AHTari Ez! lelopean ekintza-sorta eratu du, martxoaren 31an, Durangaldeko Gaztetxe eta Gazte Asanblada Koordinakundeak Durangon. Horrekin bat eginez, 515 atxikimendu batu dituzte abiatutako kanpainan, eta gogoratu dute oraindik ere badela horretarako aukera .AHTaren egitasmoak EAEn izango dituen eraginak nabarmendu dituzte: “gutxi batzuk aberastea, askorengan eragin sozio-ekonomiko kaltegarriak eta ingurugiroaren suntsiketa”. Durangaldean ere kalte “asko” eragingo ditu “inposatutako” egitasmo horrek : “adibide dira urte hasierako zati biren adjudikazioa (Durango-Abadiño eta Elorrio-Arrasate). Dena, “isilpean” eta “bat ere informaziorik” gabe egin dela salatu dute. Lanak ekainean hasi daitezkeela-eta, diotenez, “ezin gaitezke geldi egon”.
AHTak Durangaldean izango duen eraginaz jarduteko mahaingurua eratu dute, goizean, eta hori zelan gelditu eztabaidatzeko aukera ere izango da. Triki-poteoa eta bazkaria ere izango dira eta, 17:30ean, “jai giroko manifestazio koloretsua , kale animazio, graffiti, aizkolari, ikuskizunekin…”. Merkatu plazan amaituko da. Oliba Gorriak, Kloratita, Exum, Elecrtric Souls eta Saxexfulls taldeek emango dute kontzertua bertan, 19:30ean. Sapuetxen, berriz, Izeba Pilarren Ilobak, Izate, Garagardo Gura eta Infernuko Panpinak taldeek joko dute.
Egitaraua
Zarata-traka: Petardo eta txapligoak, 11:00etan. AHTaren eragina Durangaldean erakusteko informazio panelak ipiniko dituzte.
Mahaingurua: Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlana Andra Marian, 12:00etan.
Triki-poteoa: Alde Zaharrean, 13:30ean.
Bazkaria: Andra Mariako elizpean, 14:30ean. Gero, Durangaldeko bertsolariak.
Manifestazioa: Jai giro koloretsuan, 17:30ean.
Kontzertuak: Merkatu plazan eta Sapuetxe gaztetxean, 19:30ean.