Emakumearen Etxea sortzeko akordioa bete ez dela salatu dute

Anboto 2007ko mar. 19a, 15:37

Gobernu Taldeak Emakumearen Etxea sortzeko lortutako aurrekontu-akordioa bete ez duela salatu dute Aralar, EB-Berdeak eta PSE-EEk. Nabarmendu dutenez, “aldebakarreko” erabakia hartuz aldatu dute egitasmoa.

Gobernu Taldeak Emakumearen Etxea sortzeko lortutako aurrekontu-akordioa bete ez duela salatu dute Aralar, EB-Berdeak eta PSE-EEk. Nabarmendu dutenez, “aldebakarreko” erabakia hartuz aldatu dute egitasmoa.

Durango Irratiak erabiltzen zituen lokalak Emakumearen Etxea sortzera bideratu zitezen akordioa lortu zen 2007k aurrekontu eztabaidan, zinegotziek azaldu dutenez : “Hirurok gai horrekin lotutako zuzenketa aurkeztu genuen eta, azkenean, akordio bat lortu zen. Emakumearen Etxe horren banaketa eta jarraitu beharreko eredua erabakitzeko gaia Berdintasun Kontseiluaren esku uztea ere adostu zen”. Hala ere, salatu dutenez, “euren erabakiz Emakumearen Etxeari bulego bi uztea eta gainerako lekua beste erabilera batzuetara bideratu gura da, esaterako Durango Eraikitzenen egoitzarako”.

Emakumearen Etxerako egitasmo 2005ean sortu zen. 2006ko aurrekontu eztabaidarekin lotuta PSE-EEk helburu horretarako eraikin bat altxatzeko inbertsio “garrantzitsu” bat proposatu zuen, zuzenketa baten. EAJ-EAk horren aurrean Durango Irratiak erabilitako lokalak horretarako egokitzea onartu zuen. Gogorarazi dute Juan Jose Ziarrusta alkateak lanak 2006a amaitu aurretik hasiko zirela segurtatu arren, akordio ez dela bete.

"Zentzugabekeria"

2007ko aurrekontuei begira hiru alderdiek aurkeztutako zuzenketaren bitartez Emakumearen Etxea egokitzeko lanetarako 100.000 euroko diru-atala sartu zen aurrekontuan. “Orduan ere, 2006a amaitu gabe zegoela eta Gobernu Taldearen konpromisoa urte amaitu aurretik betetzea zela berretsi zuten”, diotenez, “hala ere, 2007an gaude eta lekua egokitu gabe dago”. Dena den, Aralar, EB-Berdeak eta PSE-EE “are eta harrituago” daude Durango Irratiak hartzen zituen lokal guztiak “Emakumearen Etxerako bideratu behar ez direla jakitean”. Horrek “udalbatzarrak adostutako akordioa ez betetzea erakusten du argi eta garbi. Eta are eta larriagoa dena, Durangoko emakumeek ez dute Durangon elkar batzeko leku bat, bertotik emakumeen jabekuntza sozialerako beharrezkoak diren ekintzak eratzeko”.

EAJk eta EAk “bulego birekin” emakumearen ze etxe mota eraiki gura duten galdetu dute hiru alderdietako ordezkariek eta “zentzugabekeria” horrek “haserretu” egiten ditu: “Kontsensuan lan egin gura izan dugu guk eta Gobernu Taldeak, berriz, aldebakarreko erabakia hartu du, ez gu ezta egitasmo hori lortu guran ekarpenak egin dituzten emakume elkarteak ere kontuan hartu gabe”.

Aurrekontuan batutako 100.000 euroak zertan inbertituko diren jakin gura dute Aralar, EB-Berdeak eta PSE-EEk: “espero dezagun eraikinaren barruan bestelako azpiegiturei zuzendutako lanetan ez erabiltzea; edo are txarrago erakinetik kanpo erabiltzea, aurretik gertatu moduan”. Berdintasun batzordean eskatu dira argibideak eta berdin egingo dute Hirigintza batzordean.

Durango Irratiak hartutako lokal guztiak Emakumearen Etxea sortzeko erabili daitezen exijitu dute eta Berdintasun Kontseilua deitzea, bertan etxe horretarako gura den eredua bateratzeko.


Mugarrak "ezinbestekoa" deritzo "gune erreferentzial" bat izateri

Emakumeak herrian “gune erreferentzial” bat izateak “ezinbesteko garrantzia” dauka Mugarra Bilguneak azaldu duenez, PSE-EE, EB-Berdeak eta Aralarrek egindako agerraldiaren harira: “Hala ere, etxe bat eraikinaz gainera, bizitokia ere bada, eta etxe hori eraikitzeko proiektu parte hartzaile, orokor eta integral bat eraikitzea beharrezkoa da”.

Mugarrakoek nabarmendu dutenez, emakumearentzat, horrekin zerikusia duena eta horren beharrizanetara egokituko den egitasmoa da hori. “Kontseiluak eta Udal eragileak beharrizan horiek zehazten dihardugu lanean; baita egin beharreko lana definitzeko ere”. Eta horretarako, leku apropos eta estrategikoan emakumeari bideratutako tokia egin behar dela deritze. Ildo horretan, egunerokotasun batekin lanean diharduen emakume taldeekin eta kontseiluko kideekin non kokatu, zertarako… adostea beharrezkoa deritze gune hori sortu aurretik.

Emakumearen Etxea ondo kudeatzeko gutxienez lagun bi egon beharko lirateke zerbitzua eskaintzeko, Mugarra Bilgunearen iritziz: Berdintasun Teknikaria eta dinamizatzaile bat. “Goizetik arratsaldera egon beharko litzake zabalik eta gauerako emergentziazko telefono zenbaki bat eskuragarri, edozein erasori erantzun edo laguntzeko”. Bertotik hainbat ekintza antolatzea ere “ezinbestekoa” deritze: “Adin guztietako emakumeak daudenez, euren beharrizanak aztertuko beharko lirateke eta horren araberako ekintzak proposatu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!