Nabarmendu dutenez, Durangaldean “indarrak batu” gura dituzte AHTaren aurrean, eta horretarako atxikimenduak batzeko kanpaina hasiko dute orain; baita deituko den manifestazioan parte hartzeko ere. “Mahaiak jarriko ditugu herriz herri herritarrei atxikimendua eskatuz; hala ere, sortutako web orrian ere badago horretarako aukera: www.durangaldekogaztetxeak.tk”.
Gaztetxeen koordinadorakoek aurreratu dutenez, zarata-trakarekin hasiko dute AHTaren kontrako eguna eta, eguerdian, AHTak Durangaldean izango duen eraginaren gaineko berbaldia egin gura dute AHT Gelditu” Elkarlana taldearekin batera. “Informazioa zabaldu gura dugu”. Triki-poteoa eta bazkaria ere antolatuko dituzte eta bertsolariek ere jardungo dute azaldu dutenez.
"Manifestazio koloretsua"
Jai giroko manifestazio “koloretsu” eta “parte hartzailea” deituko dute arratsaldean, kale animazio eta ikuskizunekin, eta ekitaldia amaitu ondoren musika kontzertua ere izango da. “Ekitaldiak ahal den neurrian kalean egin gura ditugu. Kalean gaudela erakutsi gura dugu eta herritarrek parte hartu dezatela”.
Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Otxandio eta Zaldibarko gaztetxeak batu dira koordinadoran. Urte eta erdi inguru da hori sortu zela, ekintza bateratuak sortzeko eta “denen artean babes bat” izateko: “aurretik izan zen koordinadora bat, hala ere, apur-apurka ahultzen joan zen, bertan behera utzi arte. Gaztetxe martxa Durangaldetik igarotzean positiboa jo genuen koordinadora sortzea”. Asmoa dute kide gehiago batzea.