Udaleko bideragarritasun arduradun Luis Bandek azaldu duenez, 2006an, hirigunean harrapatu dituztenen %80 da 65 urtetik gorakoa; 10 lagun harrapatu dituzte— zauritu larriak izan dira bi eta zortzi arinak—. Udaltzaingoak emandako datuak dira. 2006ko iraileko erroldaren arabera, herritarren %20,69 da 60 urtetik gorakoa; 55 urtetik gorakoa, %26,31.
2002tik, gora egin du ibilgailuek harrapatutakoen kopuruak; azken hiru urtean estatistika berdintsua den arren. “Arduratzeko” datuak izanda, zikloa eratzea “interesgarritzat” jo dute. 2005ean harrapatze arin bat izan zen; 2003an eta 2004an, berriz, bederatzi lagun harrapatu zituzten. Hala ere, azken bost urtean, inor ez da hil hirigunean ibilgailuak harrapatuta. “Formazio zikloan oinezkoaren ikuspegia eta gidariarena jorratzen dira”.
Hainbat saio
Gure bide-segurtasuna zaindu dezagun zikloa martxoko eguaztenetan izango da, 16:30etik 18:00etara, Nagusien Udal Egoitzan. Pertsona nagusiak eta bide-segurtasuna: saio horrexekin hasi dute zikloa, asteon. Hurrengo saioa, hilaren 14an izango da: Durangoko trafikoarekiko jokaera azter dezagun izenarekin; “Durangoko leku arriskutsuenak eta arau-hausteak topatuko ditugu, eta konponbideak proposatu”, azaldu du Udaleko Adinekoen Saileko teknikari Argiñe Larreategik.
Trafiko lege berria eta puntukako gida baimena eta Gure iloben bide-segurtasuna dira 21ean eta 28an jorratuko dituztenak, Bitaka enpresaren laguntzarekin.
Barne Sailarekin ituna dauka Udalak bide-segurtasuna lantzeko, 1998tik. Urtero 36.000 euro bideratzen dira; batez ere, eskoletan lan eginez. Teoria lantzen dute eskoletan eta arlo teknikoa Landako erakustazokako pistan. 2006-2007 ikasturtean 1.600 bat ikaslek parte hartu dute. Eskaintza zabaldu da orain: “Aitita-amamak erabiltzaile zein umeen pedagogo lez oinarrizko pieza dira”.
Gimnasia egiteko tresnak, bide-gorrian
Ohitura osasungarriak hartzeko bidean eta ariketa fisikoa egitera bultzatu guran, gimnasia egiteko hainbat tresna jarri ditu Durangoko Udalak bide-gorrian.