Erralderen lan zamarekin “oso pozik” agertu da EHNE

Anboto 2007ko mar. 1a, 15:55

Erralde Hiltegiak jarduna hasi zuenetik aste bi bete dira, eta epe horretan 240 abelburu hil dituzte. Horrela jakin eragin du EHNE sindikatuak, baserritarren artean hiltegiak izan duen “harrera ona” nabarmenduz. Balorazioa “benetan positiboa” da.

Erralde Hiltegiak jarduna hasi zuenetik aste bi bete dira, eta epe horretan 240 abelburu hil dituzte. Horrela jakin eragin du EHNE sindikatuak, baserritarren artean hiltegiak izan duen “harrera ona” nabarmenduz. Balorazioa “benetan positiboa” da: “Hasi berritan lan zama hori izatea benetan adierazgarria da, baserritar eta harakinek proiektu horren beharra zutela erakutsiz”.

Erraldek era tradizionalean hiltzen du, EHNEkoek azaldu dutenez: giltzurrunik kendu barik eta haragiaren “kalitatearen aldeko apustua” eginez, “hortxe ikusten da-eta ondoen okelaren kalitatea”. Era berean, “sektorearen aldeko apustua egiteagatik, baserritar eta harakinek osatutako kate sozio-ekonomikoa indartzeagatik”, Erralden batutako Udalen lana txalotu dute. “Itxaropentsua” deritze hiltegia berriz zabaltzeari eta urte biren buruan barri bat eraikitzeko egitasmoa lantzeari; horretara biltzea eskatzen die gainerako Udalei ere.

Nekazaritza Sailak Gureokela sortuz eta gainerako hiltegien itxiera bultzatuz agertutako planteamendu “monopolista” horren aurka agertu dira hasieratik ekoizle eta harakinak, EHNEren berbetan, eta Jaurlaritzak “bere okerra” onartu behar duela diote.

Jarduera baimena

hiltegibarria.jpgHiltegiak jarduera baimenik gabe diharduela-eta Durangoko alkatearen adierazpenen aurrean sindikatukoek diotenez, Erraldek ez du inolako jakinarazpen ofizialik jaso: “Baimena eskatu da eta tramite prozeduran dago. Eskatutako neurri zuzentzaileak betetzen dihardu Erraldek”. Odola zuzenean saneamendu sarera botatzen denik ukatu egin dute: “Tankeetan jasotzen da, eta egosi ondoren, beste hondakin batzuekin Ortuellako planta batera doa”.

Aralarrek, bestalde, baimena tramitean dagoela gogoratuz, Gobernu Taldearen hiltegiarekiko jarrera “bortitz” eta “hipokrita” salatu du: “Ezinegonaren barruan batzen dira esanok. Hiltegia itxita gura zuten; errentagarria dela erakutsi da eta ezin dute jasan”. Itxitako hiltegiaren likidazio kontuak eta gura duten garapen eredua argitzeko eskatzen dute: “Irizpide kapitalistetan oinarrituta okela merkatuaren eskura utziz, ala hiltegi publiko txikietan oinarritutakoa”. Diotenez, hirigintza batzordea ez da batu eta “beste enpresa batzuen egoera irregularra ikusita hiltegia bat-batean aitatzea hipokrita da”.

Gureokelaren hiltegiarekiko “bidegabeko lehia” salatu du PPk

Gureokelak, diru publikoa erabiliz , Durangoko hiltegiari “bidegabeko lehia” egiten diola salatu du Alderdi Popularrak. Horren gainean argibideak eskatu dizkio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari.

Jaurlaritzak, modu zuzenean, kapitalaren %20ko parte-hartzea dauka Gureokelan. 2004tik bideratzen da parte-hartze hori, laguntza publikoen bitartez, PPkoen berbetan. “Otsailean berriz martxan jarritako Durangoko hiltegiak, berriz, batere laguntza publiko gabe jarraitzen du; ez Aldunditik, ez Jaurlaritzatik”. Diotenez, “Durangon hiltegia itxi zenetik buruak 1.500 jaitsi dira”.
Ildo horretan, “Durangaldea panfletoz josi du Gureokelak zerbitzuak doan eskainiz, hiltegiari bidegabeko lehia argia eginez”, PPk dinonez. Horren aurrean sailburuaren iritzia zein den galdetu du, eta erabaki horren aurrean zein den Jaurlaritzaren jarrera.


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!