Bidezabal izan zen Sevillan Euskal Herriko klubik onena

Anboto 2007ko ots. 23a, 13:56

Bidezabal Atletismo taldeak emaitza bikaina lortu zuen Sevillan jokatutako pista estaliko Espainiako txapelketan. Guztira, urrezko domina bat, zilarrezko bi eta brontzezko bat jantzi zituzten Durangoko taldeko atletek. Horrela, Euskal Herriko kluben artean, lehenengo postuan sailkatu ziren.

Bidezabal Atletismo taldeak emaitza bikaina lortu zuen Sevillan jokatutako pista estaliko Espainiako txapelketan. Guztira, urrezko domina bat, zilarrezko bi eta brontzezko bat jantzi zituzten Durangoko taldeko atletek. Horrela, Euskal Herriko kluben artean, lehenengo postuan sailkatu ziren.

Urrezko domina Jabier Villalobosek irabazi zuen altura jauzian (2,15 metro). Ermuarrak lesio ugari gaindituta, berriz ere garaipenaren gozoa dastatu zuen 33 urterekin.

Arantza Loureiro bilbotarrak zilarrezko domina bi irabazi zituen, eta bietan Euskadiko marka ezarri. Lehena 60 metro hesituetan lortu zuen 8:26ko denborarekin. Bigarrena, berriz, luzera jauziarekin erdietsi zuen (6,35 metro).

Bidezabaleko atleten erakustaldiarekin amaitzeko, Orkatz Beitiak brontzezko domina irabazi zuen 60 metroetan. Ondarroarrak 6:75eko denbora erabili zuen. Bada beste datu aipagarri eta azpimarragarri bat Beitiaren inguruan: domekakoarekin indooreko seigarren domina du jarraian.
Dominarik lortu ez arren, Bidezabalgo beste atleta batzuk ere ederki aritu ziren. Gerraxe Ussiak eta Angeles Rodriguezek 200 eta 400 metroetako finaletan sartzea lortu zuten.

Euskal Herritarren artean, beste sei dominak lortu zituzten: Naroa Agirrek urrea pertiga jauzian, Erika Fanok zilarra jauzi hirukoitzean, eta brontzea Montxu Mirandak (pertiga jauzian), Gorka Apodakak (jauzi hirukoitzean), Oskar Albalatek (400 m-etan), eta Iban Maizak (60 m hesituetan).

Joan zen asteburuan jaurtiketa luzeko Euskadiko neguko txapelketa ere jokatu zen Zorrozan. Han, disko jaurtiketan, Arantxa de la Fuentek lehen postua eskuratu zuen (33,25 metro) eta Jasone Munitxa bigarren izan zen. Gizonezkoetan, modalitate berdinean, Carlos Tobalina bigarren izan zen. Alicia Lagartosek ere postu berdina lortu zuen xabalina jaurtiketan.
Azkenik, mailu-jaurtiketan, Ruth Sobera bosgarren izan zen eta Jasone Munitxa seigarren .
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!