TAO araudiaren aldaketari alegazioak aurkeztu dizkio Aralarrek

Anboto 2007ko ots. 12a, 16:54

Trafikoaren eta aparkamenduaren ordenamendurako (TAO) araudiaren aldaketari alegazioak sartu dizkio Aralarrek. Erabaki hori sostengatzeko "babes teknikorik" ez dagoela nabarmendu du, batetik; bestetik, "dagozkien formak" bete ez direla.

Trafikoaren eta aparkamenduaren ordenamendurako (TAO) araudiaren aldaketari alegazioak sartu dizkio Aralarrek. Erabaki hori sostengatzeko “babes teknikorik” ez dagoela nabarmendu du, batetik; bestetik, “dagozkien formak” bete ez direla. Abenduan, TAOa zabaltzeko erabakia hartzerako “arrazoi teknikorik” ez zegoela azaldu du Aralarrek: “ez dakigu zeri erantzuten dion TAOa zabaltzeak. Mugikortasunari lotuta hutsune bat zegoela-eta horri aurre egiteko tresna gisa onartu zen TAOa jartzea 2005ean. Orain, baina, ez dugu arrazoi teknikorik TAOa zabaltzeko ”.

Azaldu dutenez, “LEBER enpresari mugikortasunari lotutako azterketa eskatu zitzaion 2003an, eta bertotik ondorioztatu zen hirigunean errotazioa sortzea beharrezko zela; izan ere, Durango zerbitzuetako hiria da. Eskualdeko burua da eta gestio desberdinetara, kontsumitzera… dator kanpotik jendea. Orduan, baina, TAOa jartzeko txosten tekniko batzuk genituen. Tresnak genituen, eztabaidatu egin zen eta 2005ean jarri”. Orain, argitu dutenez, hainbat auzokidek euren auzoetara ere TAOa zabaldu dadin gura dute . “Hainbat kexa jaso dira eta horri erantzun gura die. Horri itzelezko akatsa deritzogu. Neurri populista”.

Diotenez, “TAO eremuaren mugak bizi diren herritarrek trafiko presio handia jasan behar izan dute. Logikoa da kexatzea. Hala ere egia da baita 2005 eta 2006an TAOari buruz egindako inkesten arabera durangarren gehiengoa ez dagoela TAOaren alde”. Durango zerbitzu hiria dela berretsi du Aralarrek, “eta, komertzioari ere erantzun behar zaio”.

Aralarrek jakitera eman duenez, 2006ko irailaren 28tik urriaren 6ra egindako inkesten arabera, durangarren %23,2 ez dago batere pozik TAOarekin eta %15,7 zer edo zer pozik dago; %27,3ek diote ez daudela ez gustura ez gogobete gabe. Nahiko gustura ei daude %13 eta oso gustura %14. Erantzun gura ez dutenak dira %6,1 . Datu horien haritik, Aralarrek dio zinegotziek ez dutela “beharrezko informazioa” eduki erabaki bat hartzeko,Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak dioen moduan. “Urtarrilera arte ez dugu galdeketa horien emaitzarik izan eta eskatu izan dugu”.

Aralarren ustez, TAOa handitzeko irizpide “populista” eta “ekonomikoak” hartu dira kontuan. Hirigintza batzordean Gertek enpresako — TAO kudeatzen du— ordezkariak eta Udaltzaingoaren arduradun bat izan direla gogoratu du: “Aldaketaren bat edo beste proposatu da, eztabaidagarria izan daitekeena — hizkuntza eskolaren kokapen berria, Posta Bulego berri…—, baina, inork ez du proposatu TAOa zabaltzea. LEBER enpresari ere ez zaio iritzirik eskatu”.

TAO kudeatzeko kontratuari lotuta gaineratu dute bestalde, hori %20aren gainetik aldatuz gero, aztertu egin behar direla kanon ekonomikoak, eta enpresa kudeatzailek aukera daukala kontratu hori bertan behera uzteko. “Aldaketa %20aren gainetikoa da eta gaia aztertu egin beharko litzake eta ez da egin. Gertek-ek kanon finkoa eta aldakorra ordaintzen ditu eta hori eztabaidatik kanpo geratu da”.

Politika orokor baten beharra

Mugikortasun politika orokor bat falta dela nabarmendu du Aralarrek: “Adabakiak jartzen dira, kanpoaldeko aparkalekuak falta dira, Landakoko lurrazpiko aparkalekuaren kudeaketa tamalgarria da, herriko autobusa dela-eta ez da ezer egin…”
Aralarrek TAOren alde egin zuen bere garaian: “Mugikortasun arazoari aurre egiteko tresna lez erabiltzearekin ados geunden. Baina, planteatutako tresna multzo bateko tresna bakarra jarri da martxan; TAOa beste neurririk ez da hartu”.

Abenduan onartu zen TAOaren handitzea, oposizioa kontra agertu zen eta zinegotzi bat falta zela-eta alkateak erabilitako kalitate botoarekin egin zuen aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!