Urte bete betetzeko da Bai Eskolak Euskalduntzeari! sinadura bilketa egin zela, “Euskal Herriko hezkuntza sistemetan diren hizkuntza ereduen bitartez milaka haur eta gazteren hizkuntza eskubideak urratzen direlako”. Ondorioa “nabarmena” da gogoratu duten moduan: “eskolak hiru ikasletik bi ez ditu euskalduntzen: ‘A’, ‘G’ eta ‘X’ ereduetako denak; ‘B’ ereduko %67 eta ‘D’ ereduko %32, gutxienez”. Herri ekimen horrek 107.768 sinadura batu zituen, orduan. Durangaldean, 5.200 sinaduratik gora: “Instituzioei indarrean diren eredu politikak gainditu eta euskalduntzea bermatzeko prozesuak zabaltzeko” jarri zen abian aldarri hori, gogoratu dutenez. Hizkuntza politika berriak aldarrikatu ziren; “benetan euskaldunduko duen eredua” eskatu zen.

Batutako sinadurak Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP), Nafarroako Gobernuaren eta Lakuako Gobernuaren esku jarri izan dira azaldu dutenez; eta Udalbiltzaren esku Azken horretako ordezkariekin batzarra ere egin izan dute. Nafarroako Gobernuak eta EEPk ere hartu dituzte, hala ere, Lakuan behin baino gehiagotan batzartzeari uko egin diela adierazi dute.
"Dimentsio berria"
Eredu eta euskalduntzearen gaiak, eztabaida politikoan eta alderdien artean, “beste dimentsio bat” hartu duela diote bultzatzaileek. Euskal Herri osoan eman den arren eztabaida, eremu administratibo bakoitzean jada igarri daitezke mugimenduak: “EAEn, otsailean bertan ereduen politikari buruzko eztabaida eta balizko aldaketa izango da; Nafarroa Garaian, maiatzean dituzte hauteskundeak eta ordura arteko hilabeteotan garrantzia hartuko dute euskarak eta hezkuntzak. Bestalde, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan, Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko politika dauka mahai gainean euskara eskolan ezagutarazteko politika, baina, oraindik orain, ez da abian jarriko”.
Aurten eskolak euskaldundu gabe jarraitzen dutela nabarmendu dute ekimenaren bultzatzaileek eta “zer egin handia” dagoela